Segik etxebizitzaz hausnarketa egin du

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 1a, 15:12

Etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatzen du Segik

Udalaren jarrera aldatzen ez bada irtenbide bakarra okupazioa dela diote (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Segi gazte erakundeak, etxebizitzen arazoaren inguruan hausnarketa egin du eta azaldu dutenez, "etxebizitza eskubidea, eskubide unibertsala izatetik luxu bat izatera pasatu den garai hauetan" ez daude prest hori "barneratzeko".

Etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatu dute, baina, salatu dutenez, "eskubide honen ukazio sistematikoa jasaten dugu negozioaren eta diruaren mesedetan". Gazte erakundeko kideek egoera honen aurrean "etekinak" ateratzen dituzten hainbat "erantzule" aipatu dituzte: esaterako, Udaleko agintariek "interes pertsonalen araberako politikak" aplikatzen dituztela nabarmendu dute eta "zentzurik gabeko eraikuntza proiektuak" aurrera eramanaten dituztela diote.

Ildo horretatik, Udalari hainbat kritika egin dizkiote: "Argi eta garbi Udal agintariek itxurakeria egiten dute, higiezinen enpresei, banketxeei, enpresa eraikitzaileei... jokoa egiten dieten bitartean, euren poltsikoak betez, eta azken hamarkadetako lapurretarik handienak burutuz". Segikoen arabera, "beharrezkoa da zerbitzu hauek publiko egitea, etxebizitza oinarrizko eskubidea den heinean".

Datozen egunotan ere ekimenak egingo dituzte

Hau guztia dela eta, Segik azken asteotan hainbat ekimen egin ditu eta, azaldu dutenez, datozen egunotan ere bide horretatik jarraituko dute.

Izan ere, gazte erakundeko kideek diotenez, "Udalaren ardura da etxe hutsen azterketa egin eta alokairu publikoa bideratzea, gazteen beharren araberako politika garatuz". Segikoek azaldu dutenez, "Udalak jarrera aldatzen ez duen bitartean, gazteoi irtenbide bakarra geratzen zaigu: etxe hutsak okupatzea".