Topaketetan, ikusle gehien igandetako emanaldietan izan da

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 29a, 15:11

Izarraitz pilotalekuan, jende gehien igande arratsaldetako emanaldietan bildu da

Aukeran antzerki taldearen Bideak antzerki-dantza ikuskizunak irabazi du aurtengo Ikuslegoaren Saria (Urola Kostako Hitza)

Igandean (hilak 26) bukatu ziren XXIV. Euskal Antzerki Topaketak, eta emaitza ona izan dela diote Udaleko Kultura Sailekoek: "Positiboa izan da aurtengoa; arrakasta izan dute eta antzerkizaleek erantzun ona eman dute". Izarraitz pilotalekuan, jende gehien igande arratsaldetako emanaldietan bildu da: "Batez beste, 400 ikusletik gora izan da familia antzerkiko emanaldietan. Sail horretan apustu handia egiten dugu, aurretik asko aztertzen baitugu zein obra ekarri; batzuk hitza landu dute, besteek eszenografia edo gorputz adierazpena... Era askotako antzezlanak ikusi ditugu". Familia antzerkiaren sailean, Igandeetan piratek jai, Ni ez naiz txotxolo, Pizti domatzailea eta Xurdin obrak ikusi ahal izan dira.

Ikusle gutxien, berriz, ostiraletako emanaldietara joan da. "Antzerki alternatiboa eskaini dugu ostiraletan, eta jende gutxien emanaldi horietara joan da. Hala ere, ikusleak gustura atera dira emanaldietatik eta hori antzeman egin da ikusleek egindako balorazioan eta bozketetan". Kanika zuri-beltzak, Au revoir triunfadoreak, Kulunka eta Arrotz begi lanak izan dira ostiraletan. Larunbatetako emanaldietan ere jende asko izan da: batez beste 300 lagun. "Emanaldi hauek ikusteko errazagoak dira, eta istorio bat kontatzen dute". Larunbatetan, Artea, Larru haizeetara, Ongi ibili eta Bideak antzezlanak izan dira.

Sail edota egun bakoitzeko emanaldiek euren ikusleak dituztela diote Udaleko Kulturakoek: "Ostiralekoek berea dute, eta baita larunbatekoek eta igandekoek ere, batzutan nahastu egiten dira, baina gutxitan".

Eskola antzerkian aurten ohi baino emanaldi gutxiago izan dira, hiru ikastetxe eta bi talde profesional aritu dira sail horretan: "Aurten Izarraitz pilotalekuan edo karpan egin zalantzan ibili gara eta denbora pasatu egin zaigu. Emanaldi hauetan ikusle kopuru handia izan da aurten ere, ikastetxeetatik etorri direlako. Ikastetxeen parte-hartzea ere eskertu beharrekoa da".

Ikuslegoaren saria

Udaleko Kultura saila egun hauetan ikusleen botoak kontatzen jardun da, eta saria Aukeran taldearen Bideak antzerki-dantza ikuskizunak lortu du. Saria, Santo Tomas egunean banatuko dute.