Benito Lertxundiren kontzertua, Orkatzen alde

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 27a, 16:11
Orkatz kultur elkarteko kideek abenduaren 23ko kontzertuaren berri eman zuten.

Kotzertua, abenduaren 23an izango da Izarraitz pilotalekuan

Lortzen duten dirua prozesu judizialeko kostuak ordaintzeko erabiliko dute (Urola Kostako Hitza)

Prozesu judizialak eragin dizkion kostu ekonomikoak arintze aldera, Orkatz Kultur Elkarteak abenduaren 23rako Benito Lertxundiren emanaldia antolatu duela jakinarazi zuen larunbat eguerdian, Orkatzen bertan eginiko prentsaurrekoan. "Kulturaz gozatuz, herritarrek beren elkartasuna adierazteko aukera izan dezaten" jarri dute ekimena abian.

Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, eskualdeko beste herriko taberna batzuetan bezala, epailea eta Ertzaintza Orkatzera sartu ziren duela hilabete, "inbentarioa egitera". Horren aurrean babesa azaldu dieten herritarrei, merkatariei eta elkarteei eskerrak eman zizkieten.

"Inbetario" hura, ordea, ez zen izan Elkarteak justiziarekin izandako lehen gertakaria: "Duela 3 urte, Audientzia Nazionalak elkartearen kontuak blokeatu eta lokala bere gain hartu zuen. Orkatz Kultur Elkartearen etorkizuna kolokan jartzeaz gain, ez dira gutxi izan prozesu judizial honek eragin dizkion gastuak: abokatuak, prokuradoreak... Gaur arte 6.000 euroko gastua ekarri dio. Eta badirudi honek ez duela bukaerarik", eman zuten aditzera Orkatzeko kideek.

Horri aurre egiteko, aipatutako elkartasun ekimena antolatu dute, abeslari oritarraren eskutik. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izango da abenduaren laugarren asteburuan, 22:00etatik aurrera. Gauzak horrela, Kultur Elkarteak herritar guztiak ekimenean parte hartzera animatu nahi izan zituzten.

Sarrerak, aldez aurretik erosita, 15 euro balio du eta egunean bertan, txarteldegian, 18 euro. Honako tokiak aukeratu dituzte sarrerak saltzeko: Azpeitian Orkatz, Uztarriaren egoitza, Zuhatz, Etxahun kioskoa, Ametsa, igerilekua eta Izaro; Azkoitian Zurt eta Zakela; Zestoan Uztapide; Zumaian Inpernupe; eta Zarautzen, Arrano eta Txiki Polit.

Ia 14 urte, kultura sustatzen

Elkargune eta ekimen ezberdinak plazaratzeko gune izateko asmoz sortu zen Orkatz Kultur Elkartea duela ia 14 urte, herritarrek euren poltsikotik jarritako diruarekin.

Orkatz Kultur Elkarteko kideen esanetan, "urte hauetan beti aurkitu izan dugu babesa bere teilatupean, hainbat eta hainbat ekimen plazaratzeko: musika kontzertuez, poesia emanaldiez, bertso saioez, hitzaldiez eta abarrez gozatzeko parada izan dugu bertan. Herriko hainbat arazori aurre egin eta hobetzeko proposamen egin nahi izan dituzten hainbat kolektibo eta talderen topagune eta elkargune ere izan da". Horrekin batera, Orkatz Kultur Elkartea herriko gune "esanguratsuenetako bat" dela nabarmendu zuten.

Antolatu duten hurrengo kultur ekitaldia Benito Lertxundiren kantaldia izango da. Emanaldi horretatik lortzen den dirua prozesu judizialeko gastu ekonomikoari aurre egiteko erabiliko da. Kontzertuan Lertxundik bere abesti entzutetsuak joko ditu bere ohiko taldearen laguntzaekin, Izarraitz pilotalekuan jarriko duten taula gainean.