San Agustinen kultur aretoa egiteko lanak lehiaketara atera dira

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 27a, 16:11
Udaletxe azpian dago San Agustin eliza.

Urtarrilerako erabakita izango dute obrak nork egin, eta kultur aretoa egiteko, berriz, urtebeteko epea jarri dute

Aretoa egiteko lanek 1.836.891 euroko aurrekontua dute (Urola Kostako Hitza)

Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak udaletxe azpiko San Agustin elizan "antzerkirako eta kultur ekitaldietarako aretoa" egiteko obrak lehiaketara atera ditu. San Agustin eliza eraberritzeko bigarren faseko obrak izango dira hauek, aurreneko fasean teilatua eta udaletxearen goiko solairuetan egin baitziren obrak. Lan horiek Azpeitiko Udalak ordaindu zituen.

San Agustinen kultur ekitaldietarako aretoa egiteko 1.836.891 euroko aurrekontua jarri du Espainiako Gobernuak. Lehiaketa "presazkoa" da, eta eskaintzak edo eskaerak abenduaren 12rako aurkeztu behar dira, Espainiako Etxebizitza Ministerioaren erregistroan, Madrilen (Espainia). Jasotako eskaintzak, berriz, abenduaren 28an irekiko dituzte. Orduan, erabakiko dute nork egingo dituen obrak. San Agustineko lanak egiteko urtebeteko epea izango du.

Urriko udal batzarrean Azpeitiko Udalaren eta Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioaren artean San Agustineko kultur aretoaren inguruan protokoloa sinatzea erabaki zuten udaleko ordezkariek. Orduan, Julian Eizmendik, alkateak, San Agustinerako proiektua orain dela sei urte egin zela azaldu zuen.

Orain, obrak nork egin erabakitzeko presa dago, baina Espainiako Gobernuak orain dela urte batzuk agindu zion Azpeitiko Udalari San Agustinen ikus-entzunezko ekitaldietarako aretoa egiteko dirua emango zuela. San Agustinen obrak orain dela zazpi urte hasi ziren. Ordu arte Antxieta Antzerki Taldeak hantxe egiten zituen entseguak, baina obrak hastean eta utzi egin behar izan zuten. Ordudanik Udal biltoki izan da San Agustin eliza.