Karmelo Etxegarai eta Urola BHIn greba "erabatekoa" izan da

Uztarria 2006ko aza. 21a, 17:11

ELA eta LAB sindikatuen arabera, Azpeitian "dena itxita" egon da

Gipuzkoan 180 ikastetxe publikotatik 135ean egin dute greba (Berria)

Lan baldintza hobeak eskatzeko eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren "utzikeria" salatzeko, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek greba deitu zuten gaurko Gipuzkoan. Hala, Azpeitian ELAk eta LABek Uztarriari adierazi diotenez, Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIn, greba "erabatekoa" izan da eta "dena itxita" egon da; "nahiz eta irakasleren bat edo beste lanera joan, ez da eskolarik izan".

Guztira, 6.000 irakasle ziren gaur Gipuzkoan grebara deituta zeudenak. Sindikatuek emandako lehen datuen arabera, Gipuzkoako 180 ikastetxe publikoetatik 135ean egin dute bat grebarekin.

Grebarekin egiten dituzten eskaerak:

-Irakasle gehiago izatea eta horien egonkortasuna bermatzea.
- Eskola orduak izateaz gainera, eskolak prestatzeko eta koordinatzeko denbora izatea.
- 55 urtetik gorakoek ikasleekin ordu gutxiago izatea.
- Ikasleek dituzten beharrei modu egokian erantzuteko beharrezkoak diren espezialistak eta baliabideak izatea.
- Langile ordezkoen lan baldintzak besteenak bezalakoak izatea.
- Gela bakoitzean dagoen ikasle kopurua gutxitzea.
- 2 urteko 18 ume irakasle bakar batekin ez egotea.
- Gaixotasun baja guztiak ordezkatzea, besteak beste.