Hasi dira Nuarben etxeak eraikitzen

Uztarria 2006ko aza. 17a, 11:11
Etorlurrek Nuarben egingo dituen sei etxebizitzak dagoeneko eraikitzen hasi dira.

Atzo, osteguna, Nuarben eta Beizaman izan ziren Foru Aldundiko, Azpeitiko eta Beizamako ordezkariak

Etorlurrek Nuarben sei etxebizitza egingo ditu; Udalak bederatzi etxebizitza eta frontoia eraikitzeko proiektuak ere abian dira (Urola Kostako Hitza)

Etorlur Gipuzkoako Lurra foru sozietate publikoak dagoeneko hasi ditu Nuarben eta Beizaman sustatutako lehenengo etxebizitzak eraikitzeko lanak.

Atzo goizean, Gipuzkoako ahaldun nagusi Joxe Joan Gonzalez Txabarri, Lurrade Antolaketa eta Sustapenerako foru diputatu Koldo Azkoitia, Etorlurreko gerente Jose Antonio Maisuetxe, Azpeitiko alkate Julian Eizmendi eta Beizamako alkate MÂȘ Angeles Olazabal izan ziren Nuarben eta Beizaman.

Nuarben dagoeneko etxeak eraikitzen hasi dira, lehen Kamineroen etxea zegoen tokian, eta atzo lan hauek ikusten izan ziren ordezkariak. Bertan sei etxebizitza atxikita egingo ditu Etorlurrek eta etxebizitza bakoitzak 180.000 euroko salneurria izango du. Horiek zozketa bidez esleituko dituzte eta Nuarben bizi direnentzat, Azpeitian bizi direnentzat eta Gipuzkoako gainontzekoentzat kupoak ezarriko dituzte. Etxebizitza hauek 2008rako bukatuta egongo dira, aurreikuspenen arabera.

Nuarben, frontoia ere bai

Etorlurrek Nuarbe auzoan sei etxebizitza eraikiko ditu etorkizunean, baina Azpeitiko Udalak beste bederatzi etxebizitza eraikitzeko proiektua ere badu.

Etxebizitza hauek tasatuak izango dira, eta udaleko ordezkariek azaldu dutenez, 168.000 eta 174.000 euro inguruko salneurria izango dute.

Horiek eraikiko dituzten eremuan gaur egun etxebizitzak daude, eta oraindik ez badituzte bota ere, bi hilabete barru botatzen hasiko direla azaldu dute.

Bestalde, Julian Eizmendik, Azpeitiko alkateak, azaldu duenez, Nuarben frontoia eraikitzeko proiektua ere abian da, eta dagoeneko diru laguntzak ere eskatu dituzte horretarako.