Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen igoerak ez die eragingo 'Hitza' egunkariei

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 16a, 17:11

Hitza egunkarien kasuan, ez da aldaketa nabarmenik izan

Uztarriak diru laguntzetan %41eko igoera izan du (Urola Kostako Hitza)

EAEko aldizkari ofizialean atzo, asteazkena, argitaratu zen Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzat 2006an bideratuko duen diru kopurua nola banatuko duen.

Iazko kopuruari dagokionez, herri informazioa euskaraz jorratzen duten zazpi Hitza egunkarien kasuan, ez da aldaketa nabarmenik izan diru kopuruan, aurten iaz baino Hitza bat gehiago argitaratzen den arren. 'Urola Kostako Hitza'-k egunkariak, esaterako, 2006an 52.377 euro jaso ditu.

Herri aldizkarien kasuan, oro har, igoera nabarmena izango da jasoko duten diru kopuruan. Aldizkari gehienek, iazkoarekin alderatuta, %20 eta %60 arteko igoera izango dute, baina badira %100 gehiago jasoko dutenak ere. Uztarriak %41eko igoera izan du.

Uxua Ostolaza, Urola kostako Hitza egunkariaren kudeatzailearen arabera, "poztekoa da herri aldizkarien diru laguntzek aurten izan duten igoera, eta orain neurriak hartu beharko dira hurrengo deialdietan ere kopuru hori bermatzeko. Izan ere, aurtengo diru kopurua ere egoeraren araberakoa baita. Erdarazko egunkarien zenbait gehigarri ekainean hasi ziren argitaratzen, eta horri esker jasoko dute herri aldizkariek diru gehiago. Hala ere, datorren urtean, aurrekontuetan diru partida igo ezean berriro ere behar duten dirurik gabe geratuko lirateke aldizkariak. Horregatik, aurten bertan neurriak hartzen ez badira 2007ko aurrekontuei begira, berriro ere aurreko urteetako egoeran egon gaitezke hurrengo urtean".

Herri aldizkarien laguntzek igoera nabarmena izan duten arren, ez da horrela izan eguneroko euskal prentsaren kasuan. Batetik, Hitzek oro har jasoko duten kopuruak behera egin du 2004koarekin alderatuz. Bestetik, Berria egunkariak jasoko duen kopurua ere ez da euskarazko eguneroko prentsak dituen erronkei aurre egiteko behar dena. EKTko Joanmari Larrarteren hitzetan, "hau gutxienekoa da, baina honela ezin da aurrera egin; euskal prentsak behar dituen pausoak ezin dira eman".

Iritzi berekoa da, 'Urola kostako Hitza'-ren kudeatzailea ere. Uxua Ostolazaren hitzetan, "aurten ere Eusko Jaurlaritzak 'Hitza'-k zigortzea erabaki du, argi eta garbi. Askoz erosoagoa da aldizka euskarazko gehigarri bat argitaratzea erdarazko egunkari batean, egunero-egunero informazioa euskaraz landu eta argitaratzearen aldean. Irakurleak erdarazko egunkarien gehigarrien bidez erakarri nahi ditu euskarara Eusko Jaurlaritzak, guk egunero euskal prentsa sustatzeko ahalegina egiten dugun bitartean. Eusko Jaurlaritzak, aurten ere, ez du kontuan hartu argitaratutakoaren kalitatea, zabalkundea eta egunerokotasuna".

Eskualdeko hedabideak

2006ko diru laguntzak

Honakoak dira eskualdeko idatzizko hedabideek jasotako diru laguntzak. Parentesi artean, izandako hazkundeari dagokion kopurua ageri da.

Komunikabidea 2005 2006
Uztarria 6.059 10.200 (%41)
Txaparro 4.282 9.500 (%55)
Karkara 6.599 10.500 (%37)
Maxixatzen 8.844 15.553 (%43)
Artzape 2.576 6.700 (%62)
Danbolin 3.139 5.540 (%43)
Baleike 3.884 6.000 (%35)
Urola Kostako Hitza 52.377