Azpeitiko EAJn Jon Jauregiren alde ia erabat

Uztarria 2006ko aza. 15a, 11:11

GBB, Ahaldun Nagusirako hautagaia aukeratzeko prozesuan dabil, eta hilaren bukaeran egingo dute bigarren itzulia

Azpeitian ofizialki inork ez du aurkeztu Gonzalez Txabarriren aldeko hautagaitza

Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaia aukeratzeko prozesuan dabil EAJren Gipuzku Buru Batzarra (GBB), eta herrialdeko batzarretan lehen itzulian Jon Jauregiren aldeko hautagaitza nagusitu da. Hura da GBBren hautagaia, hain zuzen. Joseba Egibar GBBko lehendakariarekin batera dago zuzendaritzan Jauregi; Idoia Elorza eta Maria Jesus Aranburu azpeitiarrak ere bai.

Besteak beste, Azpeitian irabazi du. Uztarriak jakin duenez, ofizialki Jauregiren hautagaitza baino ez da aurkeztu herriko EAJren batzarrean. Beste herri askotan Juan Joxe Gonzalez Txabarri egungo Ahaldun Nagusiaren aldeko hautagaitza ere aurkeztu dute, gero honen eta Jauregiren artean eginez bozketa, baina Azpeitian ofizialki ez du inork Txabarriren hautagaitza aurkeztu, eta herriko EAJren bileran izan ziren afiliatuen %90 pasak Jauregiren aldeko botoa eman du. Boto zuririk izan zen.

GBBk emandako datuen arabera, lehen itzulian Jauregik 38 batzarretan irabazi du. Hauetan: Alegia, Andoain, Aretxabaleta, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azpeitia, Beasain, Beizama, Bergara, Bidegoian, Deba, Donostia-Antigua, Donostia-Erdialde, Donostia-Gros, Eibar, Elgeta, Errenteria, Getaria, Hondarribia, Ibarra, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Mendaro, Mutriku, Olaberria, Ordizia, Orio, Ormaiztegi, Soraluze, Tolosa, Urnieta, Usurbil, Zaldibia, Zegama eta Zumaian.

Gonzalez Txabarriren aldeko hautagaitzak, berriz, 17tan irabazi du: Aia, Antzuola, Arrasate, Azkoitia, Donostia-Amara, Elgoibar, Hernani, Ikaztegieta, Legorreta, Lezo, Oiartzun, OƱati, Pasai-Donibane, Pasai-San Pedro, Villabona, Zarautz eta Urretxu-Zumarragan.

Bi herritan berdinketa egon da: Pasai-Antxo eta Zizurkilen.

Donostia-Altza, Eskoriatza, Idiazabal, Segura eta Zestoak ez dute lehen itzulia egingo, eta orokorrean, oraingoz, GBBk dioenez, Jauregiren hautagaitzak %70eko babesa jaso du eta Txabarrirenak %30ekoa.

Hilaren bukaeran egingo dute bigarren eta azken itzulia.

2007ko maiatzean izango dira, udalekoez gain, foru hauteskundeak. Gaur egun EAJ, EArekin batera dago Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuan. Biek aurreko hauteskundeetan koalizioa osatu zuten baina EA 2007koetan bakarrik aurkeztuko da.

Udalbiltzaren sorreran lehendakari

Jon Jauregi, Beasainen alkate izandakoa da. Hura izan zen Udalbiltzaren aurreneko lehendakaria (1999an eratu zen Udalbiltza). ETAren su-etena bukatu zenean, Udalbiltza zatitu egin zen eta Jauregik segitu zuen EAJ-EAren Udalbiltzako lehendakari. Hain zuzen, Azpeitiko alkate Julian Eizmendik (EAJ) hartu zuen haren lekukoa, 2003ko azaroan.