V. Euskal Eskola Nazionalaren Eguna ospatuko dute ostiralean

Uztarria 2006ko aza. 14a, 17:11

Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren hamargarren urtemuga egunean ospatuko dute Euskal Eskola Nazionalaren Eguna

Abenduaren 1ean, berriz, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako lehen ikasturteko ikasle nagusienei eta txikienei esker emate ekitaldia egingo diete

Ostiralean, azaroaren 17an, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta V. Euskal Eskola Nazionalaren Eguna ospatuko dute. "Hezkuntza sistema propioaren aldeko mezua eta Euskal Herrian ere geure hezkuntza sistemaren beharra" aldarrikatu nahi dute egun honekin. Aurtengo Euskal Eskola Nazionalaren Egunak Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren hamargarren urteurrenarekin bat egiten du. Izan ere, "ostiralean hamar urte beteko dira ikastola berria inauguratu zela". Hori dela eta, egun horretarako afari tertulia antolatu dute ikastolako biltegian. Bertan, "ikastolaren antzeko ibilbidea izan duten Leioako, Elorrioko eta Beasaingo ikastoletako kideak" ere izango dira. Aurtengoan gainera, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko mezua zabaltzeko asmoarekin, www.blogak.com/een2006 bloga jarri dute martxan.

Hamargarren urteurreneko ospakizun ekitaldiak, ordea, ez dira azaroaren 17an bakarrik izango. Izan ere, abenduaren 1ean Ikastolaren eguneko ospakizunak izango dituzte. 19995-96 izan zen lehen ikasturtea Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. Hori dela eta, lehen ikasturteko ikasle nagusienei eta txikienei esker emate ekitaldia eskainiko diete. Modu honetan, "elkarrekin bilduz, gure esker ona adierazi nahi diegu ikastola posible egin zuten guztiei".

Egitaraua:

Azaroak 17, ostirala
Ikastolako biltokian, 20:30ean. Afari tertulia.

Leiako, Elorrioko eta Beasaingo ikastolako kideak ere bertan izango dira. Orain dela hamar urte zenbait ikastolek bizi izan zuten prozesua eta helburuak gogoratuko dituzte.

Abenduak 1, ostirala
Ikastolan 20:30ean. Ikastolaren eguneko ospakizunakin batera, afaria

Lehen ikasturteko ikasle nagusienei eta txikienei esker ematea egingo diete. Ondoren, bideo emanaldia eta musika taldea izango dira. Egunean zehar ekintzak izango dituzte ikastolako ikasleek. Izena emateko ikastolako idazkaritzara deitu edo bertatik pasatu behar da azaroaren 27a baino lehenago. Helduek, 11 euro ordaindu beharko dituzte.