Zaborren ordenantza ezartzen hasiko dira

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 14a, 16:11

Hondakinak noiz eta nora bota informatuz etxeetara gutunak bidaliko ditu Udalak

"Merkatariak eta ostalariak sentsibilizatu" nahi dituzte (Urola Kostako Hitza)

Udalak zaborren inguruko ordenantza eginda eta onartuta dauka. Orain ordenantza ezartzen hasiko dira, eta betetzen ez dutenen kasuetan "hartu beharreko neurriak" hartuko ditu.

Aste honetan etxe guztietara gutunak bidaliko ditu Udalak. "Gutunetan zaborrak jasotzeko ordutegien berri eman eta non zer bota behar den azalduko dugu. Honekin, herritarrak kontzientziatu nahi ditugu. Bestetik, herritarrei zaborren inguruko ordenantza martxan dagoela jakinarazi nahi diegu. Hori betetzen den edo ez ikusi egingo da, eta beharrezkoa denean hartu beharreko neurriak hartuko dira".

Azaroaren 20tik aurrera, merkataritzako denda eta ostalaritzako taberna guztietatik Artelatz enpresako kideak pasatuko dira. "Artelatzekoek dendarik denda Udalak dituen zerbitzuen berri emango dute. Zaborraren ordutegiak eta non zer bota ere azalduko dute. Era berean, ordenantza martxan dagoela ohartaraziko dute. Era honetan, merkatariak eta ostalariak sentsibilizatu nahi dira, zabor gehiago birziklatzeko eta kaleak ahalik eta txukunen edukitzeko".