"Zabor politika berria abiatu behar" dela aldarrikatu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 13a, 10:11

Urolako ezker abertzaleko plataformen ustez, erraustegia "ez da irtenbidea" eta beste aukera batzuk landu behar dira (Urola Kostako Hitza)

Urolako ezker abertzaleko plataformak zaborraren arazoa "jasanezina" dela, eta "zabor politika berria abiatu beharra" dagoela aldarrikatu zuten larunbatean (hilak 11) Azpeitiko Lapatx zabortegiaren atarian. "Zaborra modu masiboan eta ardurarik gabe zabortegietara botatzeko garaiarekin bukatu beharra dago. Bide horrek ez baitu gehiagorako ematen. Gero eta zabor gehiago ekoizten dugu eta Lapatx zabortegia gainezka egin beharrean dago, Gipuzkoako beste zabortegi gehienak bezalaxe".

Zaborrak "gainezka" egingo zuela aspalditik ikusten zela azaldu dute plataformakoek. "Gaikako bilketaren aurrean pauso batzuk eman dira, baina gero eta zabor gehiago ekoizten dugu eta hondakin gehiago doa zabortegietara. Zaborrak gainezka egin digu, eta orain alarma gorriak piztu ditugu".

Plataformen ustez, zaborra erretzea, erraustegien funtzionamendua alegia, "ez dira irtenbidea". Eta horren aurrean hainbat hausnarketa egin dute. Besteak beste, erraustegiak osasunarentzako arriskutsuak direla diote, "airera hainbat gai isurtzen dute, eta gizakion osasunari eragiten diote. Gainera, atmosferara isuritako gas eta partikula arriskutsuez gain, erraustu ondoren zaborraren %20-30a zepa eta errauts moduan gelditzen da".

Beste alternatiba batzuk

Ezker abertzaleko kideen ustez, erraustegiak ez dira hondakinen ekoizpena gutxitzeko irtenbidea, "erraustegiekin ez da hondakinak gutxitzea bultzatzen. Erraustegietan era guztietako zaborrak erretzen dira, eta garapen iraunkorraren aurkakoak dira. Gainera, konposta egitea edota biometanizazioa baino garestiagoak dira".

Zaborraren arazoari irtenbidea emateko beste aukera batzuk badaudela diote: "Oinarrizko arazoa, zaborraren ekoizpena da, herritarren heziketa zabal eta egoki bat falta da. Irizpide kontsumista gainditu behar da, benetako eztabaida soziala bermatuz. Bestelako politika bat behar da. Plan integral bat behar da, zabor gutxiako sorrarazteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko. Landu beharreko aukerak hauek dira: gaikako bereizketa eta bilketa, konposta egitea, biometaninazioa era deszentralizatuan, neurri fiskalak...".

San Markosekoa Lapatxera

Plataformakoek datu batzuk ere eman dituzte. Hauen esanetan, Gipuzkoan zaborraren %20a birziklatzen da: "Baina beste leku batzuetan zaborraren %80a beste zerbaitetan erabiltzen dute. Esaterako, Lizarra aldean aprobetxatutako kopurua %75-80koa da".

San Markoseko zaborrak Lapatxera ekartzearen inguruan ere jardun zuten. "San Markosen Gipuzkoako zaborren %75a botatzen da. Hango bizilagunek protesta asko egin dute zabortegia handik kentzeko. San Markosen jasanezinak diren zabor kopurua eta kutsadura jasangarriak izango al dira Urolan? Zenbat denboran ekarriko dituzte?".

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lapatxen jarriko duen konposta egiteko plantaz ere aritu ziren. Plataformakoen ustez, ordea, Lapatxen konpostatu daitekeena baino gutxiago konpostatuko da: "Zabor organiko guztia konpostatu daiteke, baina Lapatxen sukaldean prestatu gabekoa konpostatzeko asmoa dago". Beraien ustez, "atzean, erraustegien alde egiten den apustua dago. Zabor organikoaren zati handi bat erraustegietara bideratu nahi dute. Zabor organikoa errausteko, hau da erretzeko, balio handiko materia da. Garbi ikusten dugu alternatiba direnak modu desegokian ezarri nahi dituztela".

Prentsaurrean agertu zirenen ustez, gaur egungo zaborraren politika planak "ez du zentzurik" eta udalez udal zabor politikaz eztaibaidatu beharra dagoela irizten diote.