Ezker Abertzaleak Orkatzeko miaketa salatu du

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 5a, 15:11
Azpeitiko Ezker Abertzaleko kideak larunbateko prentsaurrekoan.

Herritarrei datorren astean Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko dei berezia egin diete (Urola Kostako Hitza)

Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz Ertzaintzak pasatu den astean Orkatz Kultur Elkartean egindako miaketaren inguruko hausnarketak azaldu zituen atzo Ezker Abertzaleak, prentsaurreko batean.

Azpeitiko Ezker Abertzaleko kideek salatu zutenez, "Orkatz Kultur Elkartearen aurkako erasoa, gainontzeko herriko tabernen aurka egindakoak bezala, Euskal Herriaren eta, kasu honetan, Ezker Abertzalearen aurkako zuzeneko erasoa izan da".

Bestalde, momentu honetan aurrera eraman nahi den konponbide prozesua "baldintzatzeko helburuarekin" egina dagoela uste dute. Gertatutakoa, Espainiako Estatuaren, eta modu zuzenean, PSOEko gobernuaren erantzukizuna dela adierazi zuten.

Ezker Abertzalekoek diotenez, "beharrezkoa da tresneria errepresibo hau alde batera ustea, prozesu demokratikoan sakondu ahal izateko". Horretaz gain, gogoan izan zituzten Azpeitiko alkatea Julian Eizmendik miaketa izan zenean, eginiko adierazpenak. Izan ere, Eizmendik Orkatzeko miaketak prozesua oztopatzen zuela adierazi zuen arren, Ezker Abertzalekoek ez dute EAJren aldetik horren inguruko "konpromisorik, adierazpenik ezta kezka txikienik ere ikusi".

Hala ere, Orkatzeko miaketaren aurrean herritarrek izan duten erantzuna azpimarratu nahi izan zuten: "Eskertzekoa da, herriko hainbat sektorek erakutsitako elkartasuna; adibidez, alde zaharreko merkatariek eta tabernariek emandako atxikimendu zabal".

Ezker Abertzalekoen iritziz, "atxikimendu ekintza horiek guztiak eraso hauek eteteko biderik eraginkorrenak dira".

Ondorioz, Orkatzen aldeko ekimenak sustatzeaz gain, prozesuari bultzada emateko dei berezia egin nahi izan zuten, eta horretarako "aukera egokia" hilaren 11an Bilbon Euskal Herriak autodeterminazioa lemapean egingo den manifestazioa dela azpimarratu zuten.