Kultur arlotik ere babesa Orkatzi

Uztarria 2006ko aza. 2a, 17:11

Kultur arloko hainbat eragileren sinadurak biltzen ari dira

Lehenengo, Alde zaharreko 82 establezimendutako atximendua jaso zuen Orkatz Kultur Elkarteak . Orain, berriz, kultura arloko talde eta norbanakoen atxikimenduak biltzen ari dira.

Honela dio agiriak:

Urriak 25, asteazkena, Auzitegi Gorenak aginduta ertzaintza Orkatz Kultur Elkartean sartu zen, elkarteak dituen ondasunen inbentarioa egitera. Gertaera hauek azken urteetan Orkatz Kultur Elkarteak jaso dituen erasoei gehitu behar zaizkie, lehenagotik elkartearen lokalak enbargatu eta kontu korrontea blokeatzeaz gain edozein egunetan ixteko mehatxupean aurkitzen baitzen. Hau sinatzen dugunok elkartasun osoa eskaini nahi diogu Orkatz Kultur Elkartea osatzen duten herritarrei.

Urte hauetan beti aurkitu izan dugu babesa bere teilatupean hainbat eta hainbat ekimen plazaratzeko. Musika kontzertuez, poesi emanaldiez, bertso saioez, hitzaldiez,.. gozatzeko parada izan dugu bertan. Herriko hainbat arazori aurre egin eta hobetzeko proposamen egin nahi izan duten hainbat kolektibo eta talderen topagune eta elkargune ere izan da. Orkatz Kultur Elkartea Azpeitia den herri anitz eta aberatsaren gune esanguratsua da.

Beraz, Orkatz Kultur Elkarteari aurreko astean egin erasoa ez da Orkatz Kultur Elkarteari egindako erasoa soilik. Eraso hau Orkatz Kultur Elkartean babesa, gozatzeko parada, topagune eta herriak kolore bakarrez margotzen ez direla sinesten dugun guztion aurkako erasoa da. Herrian egindako lan xumean oinarrituta Euskal Herri berria eraikiz ari diren kolektibo eta herritar guztien aurkako erasoa.

Denon esku dago eraso hauei erantzungo dioten babes harresia eraikitzea. Horrela soilik lortuko baitugu gure eguneroko lanaz bilatzen dugun biharra.

Orain arteko sinatzaileak:

-Jose Luis Otamendi
-Koldo Eizmendi
-Laxaro Azkune
-Jaione Unanue
-Jokin Uranga
-Iban Arregi
-Uztarria Kultur Koordinakundea