"Gustura", entzuleak eta antolatzaileak

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 31a, 16:10
Igandeko Delorean taldearen kontzertuan karpa jendez bete zen

Triku Festako karpak jende gehien igandean hartu zuen, Nuke eta Delorean musika taldeen kontzertuan

Triku Festako hainbat argazkirekin bilduma egin dugu (Urola Kostako Hitza)

Triku Festa musika jaialdiaren antolatzailea, Triku Musika Elkartea, "oso gustura" gelditu da. Igandean bukatu zen lau eguneko musika jaialdia, eta egun horretan hartu zuen jende gehien karpak, "jendez bete egin zen karpa, entzule gehien Nuke eta Delorean-en kontzertuan izan da".

Antolatzaileek Triku Festan izan direnei galdetu egin diete zer iruditu zaien jaialdia: "orokorrean entzuleak oso gustura gelditu dira Triku Festako eskaintzarekin". Triku Festako entzuleriarekin harrituta gelditu dira Triku Elkartekoak, "adin eta herri desberdinetako jendea etorri da, eta hori ez genuen espero. Bestetik, jendeak asko eskertu du kontzertuak doan izatea".

Musika jaialdian parte hartu duten taldeak ere gustura gelditu direla diote: "azpiegitura eta soinu ona izan dituztela esan digute, eta jaso duten tratuarekin ere gustura gelditu dira".

Antolatzaileak "oso-oso gustura" daude lau egun horietako kontzertuekin eta jende aldetik izandako harrerarekin, "guk gure helburuak bete egin ditugu eta oso positiboa izan da dena. Ekarri ditugun taldeetatik, berriz, espero genuena jaso dugu". Aurtengo Triku Festan, ostegunetik igandera bitartean, 10 musika taldek jo dute. Orain, hurrengoari begira hasi behar.