Espainiako Gerran ibilitakoak gogoan, elkarrekin eta aparte

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 30a, 14:10
Goiko argazkian: Azpeitiko Udaleko EAJko eta EAko zinegotzi batzuk eta alkatea hilerriko Erorien gurutzean larunbatean egindako ekitaldian. Beheko argazkian: Habeako ordezkariak eusko gudariak omendu zituzten 'Gernikako arbolaren'

Udal Gobernua osatzen duten EAJko eta EAko ordezkariek hilerriko Erorien Gurutzean

Habeakoek Gernikako arbolan egin dituzte ekitaldiak (Urola Kostako Hitza)

Espainiako Gerran parte hartu zutenak izan zituzten gogoan larunbatean (hilak 28), Azpeitiko Udal Gobernua osatzen duten EAJk eta EAk alde batetik, eta Habea Bilgune Ezkertiar Abertzaleak bestetik. Aurrenak, hilerrian dagoen Erorien Gurutzean egin zuten ekitaldia, eta bigarrenak, berriz, Santiago kalean dagoen Gernikako arbolan.

.1936-39ko gerratean hildako azpeitiar guztien alde ezberdintasunak bake bidez konpon ditzagun dio Erorien Gurutzean Udalak jarri duen plakak. "Aurten, 70 urte dira Gerra Zibila hasi zenetik, urteetan gerra galdu zutenen bandoa ahaztuta, baztertuta egon da eta horren lekuko oraindik ere bada zenbait aztarna. Konpontzeko garaia da", azaldu zuen hilerriko ekitaldian Julian Eizmendi alkateak.

Plaka berria jarri aurretik, Erorien Gurutzean jartzen zuena ere gogora ekarri zuen alkateak, "Azpeitia a sus heroes muertos en la gloriosa cruzada jartzen zuen lehen gurutze honetan. Azpeitiarrek elkarren aurka borrokan jardun zuten, anai artean hiltzen ibili ziren. Gerrak sortutako zauriak ezabatzeko garaia da, baina ahaztu gabe. Ezberdintasunak bake bidean konpontzen ikasi behar dugu".

Bestalde, "hutsegite horiek etorkizunean gerta ez daitezen, bakearen eta gizarte guztiaren arteko bizikidetzaren alde lan egin beharra" ere azpimarratu zuen Eizmendik.

Alkatearen hitzak eta gero, ekitaldian parte hartu zuten EAJko eta EAko zinegotziek loreak eta erramu adarrak utzi zituzten gurutzean.

Eusko gudariak gogoan

Gernikako arbolaren ondoan Habeak egindako ekitaldian, "herri baten lehena eta oraina ulertzeko ezinbestekoa da memoria historikoa berreskuratzea", zioen IƱaki Errazkinek.

Habeak Espainiako Gerran Euskal Herriaren alde borroka egin zuten gudariak omendu nahi izan zituen. "Euskal Herriko eskubideen ikurra den Gernikako arbolaren kimuaren azpian bildu gara memoria historikoa berreskuratu nahian. Ozen aldarrikatu nahi dugu Euskal Herriaren eskubideak zapalduak jarraitzen dutela, eta gatazka historiko hau konpontzeko giltza autodeterminazio eskubidea aitortzean datzala, orain 70 urte bezalaxe gaur ere".

Habearen ustez, "zauriak ez dira ezabatzen, sendatu eta itxi egin behar dira. Horretarako zauri horiek sortzen dituen gaixotasuna sendatu eta konpondu behar da. Gatazka sortzen duen arrazoiari heldu behar zaio. Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu. Hau da abiapuntua, eta ez ostrukarena egitea. Ezin daiteke elkarbizitza bat eraiki irabazle eta galtzaileen logika horretatik. Ezin dugu eraiki etorkizuna memoria alde batera utzita. Trantsizioan egin zen moduan, frankistei berriro aurpegia zuritu behar diegu eta gure gudariak alde batera utzi?", galdegin zuten Habeakoek. Garbi utzi zuten: "Herri honen eskubideen alde borrokatu duten guztiak omendu nahi ditugu".