Azpeitiarrak ere autoinkulpatu dira Ibarretxeren auzian

Uztarria 2006ko urr. 26a, 15:10

Autobus bat joan da Azpeitia eta Azkoititik, eta autoetan bere kasa ere joan omen da jende gehiago

Astelehenean Xabier Arzallusek Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren aurkako auzibidean bere burua autoinkulpatu zuenean egindako deiari erantzun nahi izan diote

Gaur goizean Azpeitia eta Azkoitiatik autobus batean joan dira Bilbora Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren aurkako auzibidean autoinkulpatu asmoz herritar batzuk. Autoetan bere kasa ere joan omen da jende gehiago. "Astelehenean Arzallusekin bere burua auzi honetan erruduntzat jo zuenean egindako deialdiari erantzun nahi izan diogu horrela", azaldu du Alex Etxeberria Azpeitiko EAJko lehendakariak.

Etxeberria bera ere Bilbon zen, "jende asko elkartu gara hemen", azaldu du. Autoinkulpazioa "azkarra" izan omen da. "Auzitegian funtzionario gehiago jarri dituzte gure autoinkulpaziorako, eta kontua azkarra izan da". Funtzionarioaren aurrean identifikatu eta autoinkulpaziorako deklarazioa egin besterik ez dute egin behar izan. Horretarako agiri bat zuten prestatuta.

Honelaxe dio agiriak hitzez hitz: "Aitortzen dut, Batasunaren legez kanporatzea erabaki zuen Auzitegi Gorenaren epaia eta gero, ondorio guztien ezagutzarekin, aipatutako erakunde politikoarekin bilerak izan ditudala".

Etxeberriaren hitzetan, "deklarazio bateratu honen bidez, azaldu nahi izan dugu gu ere Batasunarekin hitz egiteko prest gaudela hori bada konponbiderako bidea".

Julian Eizmendi (EAJ) Azpeitiko alkateak gaur ezin izan du joan Bilbon dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira. Hala ere, bere burua auzi horretan erruduntzat azaltzeko asmoa du: "Bilera batzuk medio ezin izan dut gaur neure burua erruduntzat azaldu auzitegietan, baina gaurkoaz aparte beste egun bat ere badagoela uste dut, eta orduan joango naiz autoinkulpatzera. Nik gaur egin duten ekintzarekin bat egiten dut, eta lehen esan bezala, nik ere autoinkulpatuko dut neure burua hori adierazteko".

Informazio gehiago: Berria eta www.lehendakariarekin.com.