Jokin Uranga: "Lagunekin egoteko toki atsegina da"

Oihana Elduaien ('Berria') 2006ko urr. 21a, 15:10

Jokin Urangak Amaia tabernatik hainbat kontuz hitz egin du Oihana Elduaien kazetari azpeitiarrarekin (Berria)

Makina bat ordu pasatu du Jokin Uranga bertsolariak Azpeitiko Erdikalean dagoen Amaia tabernan. Txarrantxa taberna eta biak ditu gustuko txoko, tokiagatik beragatik baino gehiago, konpainiagatik. Bi horietan biltzen dira lagunak, eta gustatzen zaio lasai ederrean garagardo batzuk edanez haietan egotea, "lerdokeria batzuk esanez".

Denetik dago Amaianean. Ez da giro jakin bakarreko taberna. Gero eta gutxiago diren txikiteroak han izaten dira, eta gazte ugari ere bai. "Barruan gazte mordoa egoten da garagardoak edaten eta petak erretzen, eta bi metrora, txikiteroak daude. Baina inork ez du inor molestatzen, elkar errespetatzen dugu. Giro ona egoten da". Antzeman egiten da. Argazkiak ateratzean, adarra jo diote txikiteroek. Bertsolaria lotsatu antzean ere jarri da. Bati adarra jo dio berak ere, taberna kanpoan, eta argazkia ateratzeko gerturatzeko eskatu dio. Besteak kasurik ez, eta barrura. "Ederra izango zen ba...", Urangak.

Sartu eta eskuinetara dagoen txokoan eseri da, garagardoa eskuan. Pintxoak daude barran, eta etxe giroa dago. Eroso egoten da. Zigarroa piztu, eta naturala duen zazpiki jarreran ari da hizketan. Leiho handi bat du aurrean, eta kanpotik pasatzen diren ia gehienei egiten die kasu. Mikel Aranburu Realeko jokalaria ere han pasatu da, eta "Ieu!" bat eskaini diote elkarri.

Bertsoarekin ez du inolako loturarik Amaia tabernak, Urangarentzat. Erabat aparte dago. Eguna atzera eta aurrera pasatzen du autoan, unibertsitatera, Zumarragako ikastetxe batera bertso eskolak ematera, Errezilgo bertso eskolara, bertso saioetara... "Orain apenas egoten naizen Azpeitian". Horregatik, herrira joatean, Amaianera edo Txarrantxara joatea gustatzen zaio gehien.

Bertso saiorik ez du inoiz egin Amaianean, bai ordea Txarrantxan. Zaharrak berri Tour-eko saio bat egin zuten han Paia, Silveira eta hirurek. Saio haiek tabernetan egin zituzten. "Bertsoak gustatu arren, inoiz frontoi edo areto batera bertso saioa ikustera joango ez zen jendea bazegoela konturatu ginen. Horregatik, bertsoa jende horrengana eramateko saioa egin genuen. Jendea tabernan biltzen da; beraz, tabernetan egin genituen saioak". Esperientzia ona izan zen.

Azpeitian bertan badu bertsotan egin beharrak haserrea sortzen dion toki edo egoera bat: santotomasak herriko plazan. "Bat txorizoa jaten, bestea taloa ezin errendituta, hura hango abereari begira, eta erdi-erditik, ttuntturroak! Ondo geratzen delako jartzen gaituzte hor, festa osatzeko. Haserretu egiten nau Udalak. Inork kasurik egiten ez digun toki batean abesteagatik 800 euro emateko prest daude, eta gero, haurrekin ekimenak egiteko dirua eskatzen dugunean, negarrean ibili behar izaten dugu diru erdia lortzeko! Ikaragarria da!". Horregatik erabaki zuten Azpeitiko Erniarraitz bertsozale elkartekoek santotomasetan herriko bertsolariek abestu eta lortutako dirua kaxara botatzea, urtean zehar beste ekimenak egin ahal izateko.

Festetan eta festatik aparte Amaianean elkarrekin ordu asko pasatu zituzten hiru laguni eskaini zien Urangak, akordatzen dela, gehien emozionatu zuen bertsoa. "18 urte nituen, eta asko espero gabe, bigarren geratu nintzen Xenpelar txapelketan. Abestu egin behar nuen, eta banekien bertsoa haientzat zela. Hasi nintzen, eta ezin amaituta geratuko nintzela uste nuen. Nola edo hala bota nuen. Ez zen ikaragarri bertso ona , baina barru-barrutik atera zitzaidan". Hiru hilabete lehenago auto istripuz hil ziren koadrilako hiru laguni eskaini zien: Xafi, Tzulo eta Bixkiri.