Jesulagunen jenerala aukeratzeko lehen pausuak ematen hasi dira

Uztarria 2006ko urr. 17a, 13:10

2008ko otsailean, gaur egungo jesuilagunen jeneralak kargua utziko du eta ondorengoa izendatuko dute

Bitartean, jesulagunen probintzietako aukeraketak abian jarri dituzte

Jesulagunek 35. Kongregazio Nagusia egingo dute 2008ko otsailean. Ordurako, jesulagunen lan ildo nagusiak zehaztuko dituzte, eta ordenako buruzagi berria izendatuko dute, aita jenerala hain zuzen.

Azken batzar nagusia 2005ean egin zuten jesulagunek, Loiolan, eta orduan jarri ziren 2008ko kongregazioari begira. Izan ere, Peter-Hans Kolvenbach jesuiten aitak kargua utziko zuela igarri baitzuen ordurako.

Aukeraketa prozedura luzea

Dagoeneko probintzietan hasiak dira kongregazioa prestatzen. Loiolako Probintziako jesulagun bakoitzak jada aukeratu du 25 izeneko zerrenda bat, horiek guztiak bildu eta Erroman egingo den Kongregazio Nagusian euren ordezkari izango direnak izendatu ditzaten. Egun hauetan Euskal Herriko jesulagunen proposamenak jasotzen arituko dira.

Juan Migel Arregi azpeitiarra Loiolako probintziaburua da, eta bere karguagatik, Euskal Herriko Erromako Kongregazio Nagusira joango diren hiru euskal herritarretako bat da. Arregiren ustez, "Kongregazioak bi helburu ditu. Bata aita jeneral berria aukeratzea, eta bestea datozen urteetarako Jesusen Lagundiaren helburuak, lan ildoak zehaztea".