Amaia Mendizabal, 'Urola Kostako Hitza'-ren zuzendari

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 17a, 17:10
Amaia Mendizabal, atzo (astelehena), Zarautzen.

Azpeitiar kazetaria Gari Berasaluzek utzitako kargua utzi du (Urola Kostako Hitza)

Uztarria aldizkarian aritu izan da kazetari eta orain dela gutxi Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua aurkeztu du

Gaurtik (asteartea) aurrera Amaia Mendizabal Elias kazetari azpeitiarra izango da 'Urola Kostako Hitza'-ren zuzendari berria. Mendizabalek 23 urte ditu, eta lehendik ere kazetari lanak egin izan ditu, besteak beste, Azpeitiko Uztarria herri aldizkarian eta Berria egunkarian. Azken hilabeteotan, Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) komunikazio sailean aritu izan da lanean. Oraintsu, berriz, Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua aurkeztu berri du, 1936ko gerra bertatik bertara bizi izan zuten hainbat azpeitiarren testigantzak bilduz.

Urola Kostako Hitza 2004ko otsailean sortu zen, eta ordudanik Gari Berasaluze izan da egunkariaren zuzendaria. Gaurtik aurrera Berasaluzek 'Urola Kostako Hitza'-ren zuzendari kargua utziko badu ere, Hitzen inguruan jarraituko du lanean. Zehazki, lekuan lekuko euskara elkarteen eta gizarte eragileen babesarekin 'Hitza'-k sortu eta sustatzeaz arduratzen den Bertako Hedabideak enpresan ariko da lanean aurrerantzean.

Berasaluzek utzitako karguari "lanerako gogoarekin eta ilusioarekin" heldu dio Mendizabalek. Ezagutzen ditu 'Hitza'-k hurrengo hilabeteotan izango dituen erronka berriak, eta izango du zereginik.

Mendizabalen erronka

Gaurtik aurrera, Urola Kostako Hitza-ren zuzendaria izango zara. Ardura, erronka, gogoa. Zer da handiena?

Badu denetik pixka bat, baina nagusiena lanerako gogoa eta ilusioa da. Noski, erronka izango da orain arteko mailari eutsi eta, ahal den neurrian, aurrera egiten jarraitzea. Dena dela, lan taldea ondo antolatuta dago, eta horrek ere babesa ematen du.

Lehendik ere kazetaritzaren inguruan aritu zara lanean, ezta?

Hala da, bai. Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian hainbat lan egin izan dut kolaboratzaile bezala, eta 'Berria'-n ere aritu izan naiz kazetari moduan. Azkenengo urtebetean egunkari horretako komunikazio sailean egin izan dut lan.

Urola Kostako Hitza-k bi urte eta erdi bete ditu. Hasieratik lan taldean ez egon arren, gertutik ezagutzen duzu proiektua. Zein balorazio egiten dugu orain arte egin duen ibilbideaz?

Bi urte eta erdian, Urola Kostako Hitza herritarren erreferente bilakatu da eskualdeko informazioa jasotzerakoan; alde horretatik, balorazioa bikaina da. Gainera, www.urola-kostakohitza.info webguneak izandako bisita eta iritzi kopuruek erakusten dute herritarrek Hitza erabiltzen dutela, hurbileko produktua sentitzen dutela, eta eskualdean behar zen zerbitzua eskaintzen ari dela. Horretaz gain, eskualdeko aldizkari eta euskara elkarteen lanarekin batera, 'Hitza'-k euskaraz irakurtzeko joera indartu du eskualdean. Erdaraz irakurri ohi zuten hainbat euskaldun ohiturak aldatzen ari dira: hain egunerokoa den periodikoa leitzeko ekintza euskaraz egiten hasi dira, euskaldun bezala. Maila horretan, ezinbesteko da Hitza bezalako proiektuen lana euskararen normalizazioan eragingo badugu.

Aurrerantzean, zein izango dira erronkak?

Proiektua gizarteratuta dago hein handi batean, baina argi daukagu ez dagoela dena eginda. Egunkari bat baino askoz gehiago izan behar du 'Hitza'-k, eta hori izango da aurrerantzean gure erronka. Bidea egiten hasteko eta proiektua ezagutarazteko garaia igarota, Hitza sendotu, zabaldu eta aurrerantzean izango ditugun erronka berriei begira jartzea izango da orain lanik zailena. Produktu berriak ditugu buruan, eta datorren urtetik aurrera, proiektu sendo eta garrantzitsuetan bidelagun izatea suertatuko zaigu, ezinbestean, euskarazko komunikabideak atzean geratzea nahi ez badugu behintzat.

Antza denez, oraindik ere, zenbaitek ez du horrelako ekimenen garrantzia ikusten, ezta?

Hori da. Aizarnazabal da 'Hitza'-k biztanleko eskatutako diru laguntza bere horretan ematen duen eskualdeko udal bakarra. Azpeitiak eta Zarautzek ere ahalegina egin dute aurten nolabait, baina gainerako guztiak egoerak eskatzen duen mailara ez dira iristen. Lotsagarria da hori. Ikusi besterik ez dago eskualdeko udalek zenbat diru bideratzen duten erdarazko egunkarietara.

Berasaluze zuzendari ohiaren iritzia

Hitzez betetako postalak

Norbaitekin besarkatu ditugun hiri eta lekuen postalak begiratzen ditugun moduan nabil gaur, 'Urola Kostako Hitza'-ren zenbaki zaharrei begira. Baina ez nostalgia izeneko hotel baten leihoetatik begira egotea bereziki gustukoa dudalako. Ez. Egindako bideari so egin, eta oraindik ere aurrean ditugun erronkek esku, lan eta lankide berriak behar dituztela hausnartzeko baizik.

Euskaldunon Egunkaria itxi eta urtebetera aurkeztu genuen eskualdeko euskarazko egunkaria, Zarautzen. IƱaki Uria kartzelan zuten oraindik, eta gogoan dut lore sorta eman geniola haren gurasoei, Gurutzeri eta Inaxiori. Euri asko egin du 2004ko otsailaren 20 hartaz geroztik. Eta 743 zenbaki argitaratu ditu 'Urola Kostako Hitza'-k. 743 zenbaki. Albiste ederrekin batzuk, gertaera ilun eta tristeekin besteak, baina eskualdeko herrietan gertatu izan den guztia ahalik eta egokien biltzeko asmoarekin beti ere. Euskaraz, noski. Orain arte eguneroko prentsa euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zuen jende asko hasi da euskaraz irakurtzen 'Urola Kostako Hitza'-ri esker, eta hori badakigu. Ezin dugu ahaztu. Antzeko erronka berriak baititugu datozen urteotarako. Euskarazko hedabideek eta komunikazio taldeek hamaika egiteko dugu oraindik, eta ahalegin horretan kalitatea, bidelagunen laguntza, eta helburuak argi izatea ezinbestekoa dugu. Bide horretan, ardura berriak hartzea eta orain arte egindakoaren lekukoa lankide zorrotzen eskuetan uztea dira lehen egitekoak.

Aurrerantzean ere izango dugu elkarren berri. Eskualde hau ederregia da postalak hitzez betetzeko tentazioan ez erortzeko.