Pako eta ni

Yolanda Arrieta 2006ko urr. 11a, 15:10

Pako Aristiren Kultura meniere erara artikuluaz idatzi du gaur (asteazkena) Yolanda Arrietak Berrian

Zerk bereizten gaitu Pako eta ni? Urte berean hogeita hamar kilometroren barruan jaio arren, hark hamazortzi urte eskasekin jaso zuela idazle titulua eta ni hamarkada bat beranduago hasi nintzela galdetzen "zer ote da titulu hori?".

Zerk bereizten gaitu Pako eta ni? Geure gustuko lana eginez bizi nahi arren, hark irakurle asko dituela eta nik, ez hainbeste.

Zerk bereizten gaitu Pako eta ni? Herri txikian jaio arren, hark elizako organoa jotzen dakiela eta nik, entzuten baino ez.

Zerk bereizten gaitu Pako eta ni? Hura doanari begira hausnartzen ari dela eta ni -agian antzeko amorruz- kaos honekin nola aurrera egin ari naizela bilatzen.

Zerk bereizten gaitu Pako eta ni...?

Zerrenda luzea osa dezaket galdera joko honekin, baina agian nahiago dut batzen gaituen gauzen bila hasi; izan ere, pasa den igandean Pakok idazten zuen bezala, neuk ere ez dut ikusten euskarak toki handirik duenik gure menu pertsonalean, hots, egunerokotasunean.

Lelo handien atzetik goaz, artalde gisa, inor gutxik nahi duelako artaldea aldi batean utzi eta norbere buruari galdetu: nola nahi dut bizi?

Euskarak lelo handi eta bateratzaileak beharko ditu, nola ez, baina eremu intimo eta pribatuetan -ere- euskaraz emozionatzeko gai ez garen bitartean, gureak egin du.

Beraz, zerk batzen gaitu Pako Aristi eta ni? Euskaraz hazten jarraitu nahi dugula baina letra hutsek ez dutela hileko fakturarik ordaintzen.