Uztarriaren bosgarren Kulturaldia, hastear

Uztarria 2006ko urr. 11a, 20:10

Igandean, urriaren 15ean, hasiko da 2006ko Kulturaldia Gaztetxean izango den film laburren emanaldiarekin

.2002an antolatu zuen lehen aldiz Uztarria Kultur Koordinakundeak Kulturaldia eta aurten ere antolatuko du, herriko hainbat talderekin elkarlanean. Bosgarren aldia izango da. Hasiera hartan hausnarketa hauxe egiten genuen: "Herriko egoera ez da egokiena, eta horretaz hausnartu egin behar dugu denok ere". Orain ere horixe esaten dugu.

Urte hauetan gauzak egin dira. Kultur Etxea irekitzea eskatu genuen 2002an eta Udalak Soreasun kultur gunea egingo duela azaldu du; baina Soreasu egiteko oraindik denbora asko pasatuko da. Gainera, ikusi egin beharko da herriak eta taldeek behar dituzten azpiegitura guztiei erantzuten dien. Kultur Mahaia ere martxan hasi da eta denborak esango du zer fruitu ematen duen; denboraz gain, ezinbestekoa izango da kultur taldeen eta Udalaren elkarlana.

Egoera horretan antolatu dugu -berria ez den egoeran- bosgarren Kulturaldia.

Hain zuzen, urriaren 15ean hasiko da eta aurten ere hainbat arlo jorratuko dira: musika, antzerkia, poesia, bertsoak, zinema... Formato txikiko ekitaldiak dira eta horiek antolatzeko Azpeitian azpiegituretan dagoen gabezia, nabarmena da. Uztarriak bere garaian horregatik egin zuen Soreasun Kafe Antzokia egiteko proposamena, formato txikiko ekitaldiak antolatzeko gune aproposa delako. Uste dugu bide horretan eman behar ditugula pausoak denok, egoera hobetzeko.

Bosgarren Kulturaldiko egitaraua:

  • Urriak 15 (igandea), 19:30ean. Film laburren emanaldia: Midori, Sarean, Urbaltzaga, Ecosistema eta 40 ezetz film laburrak eskainiko dira. Gaztetxean.
  • Urriak 20 (ostirala), 22:30ean. Ima eta Joni Ubedaren emanaldi akustikoa. Orkatz Kultur Elkartean.
  • Urriak 22 (igandea), 19:30ean. Eman bira poesi antzeztua. Lan horretan ariko dira Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi, Igor Aranbarri eta Kepa Urbieta. Enparan Dorretxe atzean.
  • Urriak 27 (ostirala), 22:30ean. Txirrita saioa. Unai Agirre, Jexux Mari Irazu eta Joxan Goikoetxeak bertso antologia eskainiko dute. Gaztetxean.
  • Urriak 29 (igandea). AEK-k antolatutako Losintxa Lehiaketaren sari banaketa izango da. Lehiaketa martxan egongo da Kulturaldi osoan. Honako tabernatan kutxak egongo dira losintxak jasotzeko: Etxe Zuri, Korrale, Orkatz, Zuhatz, Txarrantxa, Lokotx. Irabazleak sari hau jasoko du: bi lagunentzat Perla-n (Donostia) zirkuitoa eta Argi�ano jatetxean (Zarautz) afaria. Saria Triku Festan banatuko da, Nuke eta Delorean taldeen kontzertuen tartean.