Xarlo Etxezaharreta: "Udalbiltzan posible da batasuna egitea"

Eneko Bidegain (Berria) 2006ko urr. 9a, 20:10

Erretreta hartua du, baina ez du Udalbiltza utzi, ezta kezka politikoak eta sozialak ere. Hazparneko (Hazparne eta Azpeitia senidetuta daude) gain batean, Zelai auzoan (Lapurdi) bizi da Xarlo Etxezaharreta. Bertatik mintzo da proposaturiko gai guztiez.

Xarlo Etxezaharreta (Hazparne, 1941), leku lasai-lasaian bizi da. Kirol irakasle gisa lan eginik, orain erretretan dago. Baina ez geldirik. Hazparneko zinegotzi zenean, Udalbiltzako kide bihurtu zen, eta horregatik, preso sartu zuten 2003an, Soto Del Realen (Espainia). Lehenago ere arazo batzuk ukan zituen, bere engaiamendu politikoarengatik, Ameriketako Estatu Batuetan, Udalbiltzako kide gisa euskal diasporarekin elkartzera abiatu zenean. Beste euskaldun batzuei gertatu zitzaien bezala, aireportuko "lekutxar batean" hamabi orenez atxiki eta etxera igorri zuten berriz. Hala ere, diasporarekin harremanetan segitzen du, Udalbiltzak ardura hori emana baitio, gaur egun ez bada zinegotzi ere. Datozen egunetan Argentinara joan beharra da. Hamabost egunerako bakarrik, bi astetik behin polizia etxera joanbehar izaten baitu sinatzera.

Nondik sortu zitzaizun diasporarekin loturak garatzeko gogo hori?

Betidanik ukan dut jendearengana hurbiltzeko gustua. Udalbiltzarekin bidaia batzuk egin nituen Kalifornian, Nevadan, Idahon, Argentinan, Uruguain… Jendea ezagutunuen han, baita Euskal Etxeetako giroa ere eta Euskal Etxeetan ez den jendearen ikusmoldea; hots, herri gose hori, euskarari buruz duten egarri hori. Horrek hunkitu nau. Beharbada, Euskal Etxeek ez diote gose eta egarri horri erantzunik ematen.

Euskal etxeek zergatik ez diote erantzunik ematen, zure ustez?

Hemengo gatazkek eta minek beren ondorioak eramaten dituzte hara. Hemen gauzak konpontzen direlarik euskaldunen artean, han ere gauzak arintzen dira. Baina badakigu zer gertatu den azken urteetan, bereziki Udabiltzaren barnean. Beraz, hango Euskal Etxeek diru laguntzak ematen dituenari obeditzen diote. Euskal Etxeetan, musa, sukaldaritza eta dantza oso folklorikoak dira. Gero, ezin zara mintzatu Euskal Herriko egoeraz,hori politikatzat jotzen baitute. Euskarari lotu zaizkie orain. Baina orain arte dantza eta euskara ez zituzten elkarrekin lotzen.

Kasu berezia da Idahon.

Diasporaren gose eta egarri horrek ondorio desberdinak ematen ditu toki edo garai batetik bestera. Batzuek euskara galdu dute, baina kontzientzia politikoa atxiki dute. Beste batzuek euskara atxiki zuten, baina kontzientzia politikorik ez baitzuten, beren haurrei ez zieten ez euskara ez kontzientzia transmititu. Horren arabera, hainbat lekutako euskaldunek hainbat lotura atxiki dituzte Euskal Herriarekin. Ezagutzen ditut gazte batzuk, beren aitatxiek gurasoei euskara ez transmititu eta euskara berek beren aldetik ikasi eta orain irakasten dutenak. Zergatik? Kontzientzia pasatu delako. Kontzientzia horren beste urrats bat izan da euskara berreskuratzea. Horren ikusteak plazer egiten dizu, eta bihotza hausten.

Zer ekar diezaioke diasporak Euskal Herriko prozesuari?

Idahoko legebiltzarrean Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko erabaki bat hartu zuten. Ipar Amerikan batzuek badute beren indarra. Hego Amerikan badira euskal jatorriko ministroak, medikuak eta abar. Batzuk onak, beste batzuk txarrak. Badago bere estatuarengan indarra egin dezakeen jende bat, Euskal Herriko bake prozesua lagun dezaten galdeginez. Lobby lana egin dezakete beren herrietan. Guk laguntza eman diezaiekegu beren erroak aurkitzen, baina haiek ere lagundu behar gaituzte. Euskaldunen artean dagoen gatazka hori eztiagoa da hara heltzen denean. Gure arteko ezinak leuntzen ahal dituzte diasporakoek.

Duela urte pare bat Argentinako La Platako euskal astean izan zinen.Juan Joxe Ibarretxe EAEko lehendakaria bera ere han zegoen, eta beste alderdi politikoetako ordezkariak ere. Euskal Herritik urrun, Euskal Herriko zatiketak eztitzen dira?

Carlos Garaikoetxea ere han zen, eta agurtu gintuen. Besteek ez. Udalbiltzatik joan ginen lehen urtea zen. Ez genuen inor ezagutzen. Udalbiltza bi zatitan dagoelako, gu ez gintuzten ofizialki ezagutzen. Hiruzpalau urtez ez gintuzten Udalbiltzako kide gisa agurtzen, baizik eta pertsona gisa. Azken bi urteetan bilera bat ukan dugu Euskal Etxeen federazioko zuzendariekin. Haatik, Eusko Jaurlaritzakoek ez dute hainbeste hurbildu nahi guregandik.

Udalbiltza Lizarra-Garazi garaiko prozesuaren emaitza izan zen. Itxaropen handiak sortu zituen Euskal Herriaren eraikuntzaren bidean. Geroztik, su-etena hautsi eta Udalbiltza bitan zatitu zen. Urte erdia iragan da ETAk su-eten iraunkor bat hasi zuenetik, baina Udalbiltzak zatiturik segitzen duela dirudi, eta ez du berreskuratu orduan sortu zuen itxaropena eta ukan zuen garrantzia.

Bilerak izan dira bi aldeetakoen artean. Baina, ofizialki, ez da urratsik egin. Udalbiltzan baditugubizpahiru pertsona, hala nola Loren Arkotxa lehendakaria, biziki onak eta zuzenak direnak. Ez gara besteen zain egon behar, ea su-etena hautsiko den ala ez. Berriz ere hasi behar dugu lanean. Udaletxe bateko hautetsiak gara. Euskal Herria udal handi bat bada, Udalbiltzako eta Udalbideko hautetsiak Euskal Herri horretako hautetsiak dira. Herriko kontseilu bat ez da hausten ez direlakoan denak alderdi berekoak. Eta hemen, zorigaitzez, kanpoan kazkabarra hastenbada, berehala bereizten gara eta ezin dugu lanik egin. Hori aitzakia txar bat da. Gure aldetik, ateak beti zabalik egon dira, bestela ez nintzen Udalbiltzan luzaz egonen. Denek elkartu behar dugu. Udalbiltzan posible da batasuna egitea.

Hauteskunde fase bat abiatuko da 2007an, eta herriko bozak izanen dira Hego Euskal Herrian, eta handik zenbait hilabeteren buruan Ipar Euskal Herrian. Udalbiltzari hats berri baten emateko aukera ikusten duzu?

Ipar Euskal Herriko hautetsi gutxik parte hartu zuten. Beharbada, batzuek ez dute pisatu Udalbiltza zer izaten ahal zen. Beharbada, gogoetak egin eta Udalbiltzan sartuko dira. Batasuna aurkezten ahalko da? Zer baliabide ukanen ditu? Udalbiltzari laguntza ematen ziotenak Euskal Herritarrokekoak ziren. Orain ez dute ia hautetsirik, beraz, baliabide oso murritzak dituzte. Horregatik, Udalbiltzaren lanak sufritzen du. Batzuk eta besteak indar daitezela, eta espainolistei eta frantsesei ahal bezainbat aulki kendu, gero Udalbiltzan sartzeko.

Zuhaurrek Hazparneko bizi politikoan segitzeko xedea zenuke?

Belaunaldi berri bati eman behar zaio lehentasuna. Ez da gehiago gure egitekoa lehen lerroan egotea. Agian guk baino hobeki jokatuko dute. Guk oso gutxi lortu dugu Hazparnen. Nahi edo ez, beti bizi gara hogei edo hogeita bost urteren berantarekin, edo gure lehengo ohiturekin. Baina gauzak guk uste baino lasterrago aldatzen dira.

Zer aldatu da azken hogei edo hogeita hamar urteetan?

Lehen, Baionara joan, denda batzuetan sartu, euskaraz mintzatu eta idorki erantzuten ziguten: Frantsesez baizik ez naiz mintzo. Orain, batzuek euskaraz erantzuten dute edo barkatu, oraino ez naiz euskaraz mint erraten dute. Jendearen buruan izan den aldaketa hori da handiena. Euskararen alde borrokatzen diren jendeak onartuak dira orain. Aldatu ez dena da gure hautetsien uzkurtasuna. Ez bakarrik kostaldekoena. Horiek ez ditut aipatu nahi ere. Horiek itsu, elkor eta Pariseren zakurrak dira. Barnealdekoak ere uzkur dira. Ikusiz azken urteetan zer trufa izan den Paristik, ez dut ulertzen nolaz herriko kontseilu batzuk oraino hor diren, auzapez batzuek zergatik ez duten kargua uzten, erranez, hola bada, ni banoa, eta ezertarako ez badugu balio, inor ez da aurkeztuko nire segida hartzeko. Ikusiz Laborantza Ganberari 150 euroko laguntza ematen diotenean gure gobernadore zibilak (Prefetak) auzitan ezartzen dituela! Nork jasan dezake? Duintasun pixka bat duen gizon batek bi paso ematen dizkio edo kargua uzten du. Zertarako dira, beren herriko laborariei laguntza ezin badiete eman? Zorigaitzez, alor horretan, gauzak ez dira asko aldatu. Hori da gure akats handiena. Batera-n ere ahal duten bezala borrokatzen dira, baina urrats bat ez dute gainditzen, hots karguak uztea edo administrazioko paperik ez gehiago izenpetzea. Gure hautetsiek ikusi dute zein diren Parisek ezartzen dituen mugak, baina ez dituzte beren ahalak erabiltzen. Alimaleko ahalak dituzte.

Zein izan da zure bilakaera urte horietan guztietan?

Aljeriako gerlara igorri ninduten. Entzuna nuenaren arabera, Frantziaren zati baten eta hango frantsesen salbatzera joan nintzen. Erran zidaten denak frantsesak zirela, bai zuriak, bai hangoak bertakoak. Hara heldu eta bi egunetara, beste militar batzuekin, hangoen karrika hertsi-hertsi haiek miatu behar izan genituen. Ikusi nuen militarrek zer egin zuten: lapurretak, emazteak bultzatu, haurrak garrasika, armairuak lurrera bota… Lehen gogoetak egin nituen. Pixkanaka-pixkanaka ezkerreko ideiak ukan nituen. Handik itzuli, berriz lanean hasi, Jean-Louis Davant, Eñaut Etxamendi eta holako batzuk ezagutu eta ohartu nintzen arrazoi zutela: gu aljeriarrak bezala ginela hemen, zapalkuntza bera zela (ez hain gogor, haatik). Enbatan sartu nintzen, gero EHAS sortu genuen. Txomin eta Ramuntxo IK-ko kideak hil zirelarik, gatazka handia izan zen EHASen barnean, eta orduan erabaki nuen ez nintzela gehiago alderdi politiko batean sartuko. Abertzaleen Batasuna sortu zelarik, ez baitzen alderdi politiko bat, han sartu nintzen. Banandu zelarik, atera nintzen. Gaur egun ez naiz alderdi bateko kide, nahiz eta batetik bestetik baino hurbilago izan. Alderdiak behar dira, sindikatuak bezala, baina tresna batzuk dira, ez helburuak. Zorigaitzez, batzuek tresna eta helburua nahasten dituzte.

Zure izaera ezkertiarrari esker piztu zitzaizun Kubarekiko interesa?

Nola ez! Aljeriako gerlatik geroztik begiak eta belarriak zabalik egon naiz beti, ikusteko zer pasatzen zen munduan, bereziki Europa ekialde horretan. Ez nuen ulertzen Stalinen politika, ez nuen ulertzen nolaz egin zitezkeen halako sarraskiak sozialismoaren izenean. Gero ikusi nuen Kuban gauzak ez zirela arras berdin. Erromantizismoz- edo, guevarista nintzen. 1984an Kubara eta Mexikora joan nintzen. Ikusi nuen Kuban zer lortu zuten osagarriari eta hezkuntzari buruz, baita zer maila kulturala zuten ere. Orduan castrista ere bilakatu nintzen. Ez dut erran nahi Castro sekulako gizona denik, baizik eta hori dela hoberena ezagutzen ditudan guztien artean. Kuban, 150 lagunentzako mediku bat badute, kanpoari begira sekulako elkartasuna. Orain 5.000 mediku itzuli dira Pakistandik. Kubatarrak dira. Kubak ordaindu 20 dolarren truke joan ziren hango lurrikararen ondorioz zauriturik eta eri gelditu zirenen artatzera. Hego Amerikako leku galdu anitzetara joaten dira jendea artatzera, beste inork joan nahi ez duen lekuetara.

Eta zuk haiei laguntzea erabaki zenuen...

Ikusiz zer blokeoa jasaten duten AEBengandik eta nolakoa den estatu anitzen isiltasuna, pentsatu nuen lagundu behar nituela, eta Baionako elkarte batean sartu nintzen. Elkarte horrekin laguntzen ditugu garraioak, ospitaleak, eskolak… Autobusak igortzen dizkiegu. Norbait ezkerrekoa bada, ez dut ikusten nola ez daitekeen abertzalea izan. Halaber, abertzalea bada, ez dut ikusten nola izan daitekeen ez ezkerrekoa. Egiazko abertzalea bazara, nahi edo ez, interes orokorrak interes pertsonala jotzen du. Eta erabaki bat hartu behar da. Ez bazara ezkerrekoa, hautua egiten duzu: zuk zurea eta aberria bera konponduko da.

Fidel Castrok kargua anaiaren esku utzi ondoan, nola ikusten duzu Kubako etorkizuna?

Fidel Castroren segida hartzeko prest dagoen jendea badago, gaitasun politiko handikoa. Badira iraultzaren alde direnak; badira kontra direnak ere, kanpotik sekulako propaganda heldu baitzaie, pentsatuz kanpoan dena dirdiran dela. AEBek gerra moduko iraultzarik ez badute egiten, iraultzak aitzina jarraituko du, lorpenak hor direlako. Han ez dago umezurtzik, eskola denboran ez dago haurrik karrikan, hemen ikusten den bezala. Goserik ez dago. Ez dutela behar bezala jaten? Beren falta da pixka bat. Janaria badute, baina beti janari azukretua eta gizena erostera joaten dira, nahiz eta fruituak eta barazkiak badituzten. Miseriarik ez da. Pobrezia bai. Baina Hirugarren Munduko beste herriekin konparatu behar da. Eta horietan hoberena da. Aipatzen den ongizatea zer da? Bi urtetik behin autoz aldatzea? Telebista pantaila handia ukaitea txikiaren ordez? Mikrouhin labea? Hozkailua? Hozkailuak badituzte, haizagailuak ere bai. Beharrezko bi tresna horiek badituzte. Ez direla gure mailara heltzen? Egia da. Baina beharrezkoa ote dute?

Katrina-k zer erakutsi digu?

Katrina urakana izan zenean, 750.000 pertsona mugitu zituzten Kuban, haien kabalekin, eta hozkailu eta haizagailuak salbatu dituzte. Dena doan. Armadaren kamioi guztiak baliatu zituzten. Bi hildako baizik ez ziren izan. Beste leku batean, New Orleansen, badakigu zer pasatu zen: Salbatuko zarete autobusa hartzen baduzue edo autoz joaten bazarete, baina autobusa hartzeko dirua behar zen, eta ez zuten autorik.

Motzean

Hazparne:Desiratzen dudana da Jacques Coumet auzapeza kanpora dezagun lehenbailehen.

Jacques Coumet:Kalte handia egin du. Ez da herriarentzat ari, beretzat baizik ez. Euskal Herria Zuzenean-ekin egin duena ez da haizu, Eihartzearekin egin duena ere ez. Gaizkile bat da Hazparnen. Demagogia, anbizioa gainezka. Hazparnek hogei urte galdu ditu harengatik.

Presondegia:Ez naiz ni gehienik gupidatzekoa. Frantziako presondegiekin konparatuz, Soto Del Realekoa askoz hobea da.

Garzon:Bitan ikusi dut. Ez dut aukerarik ukan harekin mintzatzeko. Banituen gauzak errateko, baina ezin izan dut. Ez zaitu inoiz begietara begiratzen. Horrek erakusten du gizonaren maila. Gizon txikia da, bere buruaz hantua.

Askatasuna: Bermea. Adiskideek 60.000 euro eman dute denen artean. Badira emateko arrazoirik ez dutenak ere. Batzuek preziatzen naute, nahiz eta ez eskualde politiko berekoak izan. Memento horretan bereizten dituzu, aldekoetan zeinek lagundu zaituen eta zeinek ez, kontrakoetan berdin. Haatik, ateratzeko memento hura, nire alabak baino gazteagoak han uztea, gogorra izan zen. Haietariko bat, Roberto Saiz, bihotzekoak jota hil zen kartzelan.