Iñaki Regilek dio “batere zentzurik ez” duela Aralar "alderdi bezala mantentzeak"

Uztarria 2006ko urr. 2a, 17:10
Iñaki Regil 'Matxote' (argazkian, ezkerrean), Julen Madariaga eta Juan Martin Elexpururekin 2003ko otsailaren 25ean, Azpeitian Aralarren egitasmoa aurkezten.

‘Matxote’ 2003ko udal hauteskundeetan Aralarren zerrendaburu izan zen Donostian

“Pausoa emateko ausartak izan behar dugu”, esan du azpeitiarrak

"Bere garaian Aralar sortzeko arrazoiak bazeuden (…) baina orain batere zentzurik ez du alderdi bezala mantentzeak", dio gaur (astelehena) Iñaki Regil (Matxote bezala ere ezaguna) Aralarreko kideak 'El Diario Vasco'-n argitaratutako gutunean (Uztarriak euskarara itzuli ditu haren adierazpenak). Azpeitiarra, 2003ko udal hauteskundeetan Aralarren zerrendaburua izan zen Donostian eta ez zuten zinegotzirik lortu.

“Indar abertzaleen batasuna” nahi du Regilek, eta Aintzane Ezenarro alderdikideak aipatutako hausnarketa bat ekarri du gogora: “Ezkerrak, eskubiak egindako gauza bera egin behar du: elkartu”. Horretarako, Aralarren sorrerako egoerara itzultzea eskatzen du Regilek. “Hasiera batean, zatiketa egon zen, batez ere ETAren indarkeriagatik. Gaur egun, su-etenarekin eta Batasunaren itzulerarekin, zatiketa horrek ez du zentzurik, horrek indar abertzaleak sakabanatzea dakarrelako eta egin behar duguna, beraiek elkartzea da”.

Aralarreko kidearen iritziz, ezker abertzale “ofizialak” Anoeta Belodromoan “oso apustu ausarta” egin zuen 2004ko azaroan, “bazterketarik gabeko elkarrizketaren bidez”, eta azpimarratu du Otegik aitortzen duela “gure prozesuak ETAk egunen batean bere militanteei bide demokratikoetatik borrokatzea esatea bermatu behar” duela. Aukera Guztiak-en eta AUBren esanak ere nabarmendu ditu Regilek: “Herri honetako pertsonen eta kolektiboen eskubide politikoen eta zibilen urraketaren kontra gaude” eta “pertsona orok du desberdin pentsatzeko eskubidea”, hurrenez hurren. Hori dena dela eta, “batere zentzurik ez du (Aralar) alderdi bezala mantentzeak”.

Azpeitiarrak dio, agian, “botere arrazoi pertsonalak” daudela bere alderdian, “atzera egiteak eskainuak, zinegotzi postuak eta alkatetza batzuk uztea esan nahi duelako, baina jakin egin behar da noiz utzi batuta, orkestrari enbarazu ez egitearren”. Aralarren sorreran pausoa ematean “ausartak” izan zirela idatzi du gutunean eta orain ere “ausartak izan behar dugu”.

Regil bera 2003ko otsailean Azpeitian izan zen, Julen Madariaga eta Juan Martin Elexpuru kideekin batera, Aralarren egitasmoa aurkezten. Orduan esan zuten Azpeitian ez zirela urte hartako udal hauteskundeetara aurkeztuko, zerrendak osatzeko arazoak zituztelako.

Urte hartan (2003ko maiatzaren 25ean) jaso zituen Aralarrek lehen aldiz botoak Azpeitian: Gipuzkoako Batzar Nagusietarako 298. 2004ko martxoaren 14an Espainiako hauteskundeetarako 450 boto jaso zituen herrian eta 2004ko ekainaren 13an Europako Legebiltzarrerako 74. 2005ean, berriz, apirilaren 17an EAEko hauteskundeetan 332.