Gerraren testigantza, paperean

Uztarria.com 2006ko ira. 29a, 22:09
Liburuan elkarrizketatuak izan direnak, gaur, udaletxean: Antonio Loinaz, Asentxio Zubillaga, Jesus Urbieta, Jesusa Aranguren, Lurdes Alberdi, Santa Larizgoitia eta Ignacio Artetxe (Maria Dolores Odriozolak eta Ramon Altolagirrek

Uztarriak Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua aurkeztu du

Amaia Mendizabal izan da egilea eta gudarekin zerikusia izan zuten bederatzi herritar elkarrizketatu ditu

Aurten 70 urte bete dira Espainiako Gerra hasi zenetik. Eta 1936ko irailaren 20an sartu ziren, hain zuzen ere, Francoren aldeko tropak Azpeitian. Hori dela eta, bederatzi elkarrizketez osatutako liburua egin zuen Amaia Mendizabalek, eta Uztarria Kultur Koordinakundeak argitaratu du. Bertan, Espainiako Gerra era batera nahiz bestera bizi izan zuten herritarrei egindako elkarrizketak daude.

Gaur (ostirala) aurkeztu dute liburua Azpeitiko Udaletxean. "Uztarriak balio kulturala eman nahi dio lan honi, betiere garrantzitsua delako historiari begiratua ematea. Espainiako Gerrak eta frankismoak Azpeitian ere izan zuten eragin zuzenik, eta hori, hurbiletik bizi izan zuten herritarrek beraiek kontatzea nahi izan dugu", esan du Laxaro Azkune Uztarriako lehendakariak.

Amaia Mendizabal egileak, berriz, azpimarratu du "testigantza" liburua dela, ez beste ezer. "Ez da gertaera historikoen kronika; ezta gertatutakoaren analisia ere".

Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak ere hartu du parte aurkezpenean eta "gerra garaiko liburua egitea tokatu egiten zen", esan du, "beharrezkoa" delako gerra zer izan zen azaltzea. Hori dela eta, eskerrak eman dizkio Uztarriari eta Amaia Mendizabali liburua egiteagatik. Gerra hura anaien arteko borroka izan zela nabarmendu du Eizmendik, eta etorkizunera begira arazoak "elkarrizketaren bidez" konpondu behar direla.

Udaletxeko batzar aretoa dena jendez beteta egon da. Han zeuden beste udal ordezkariak, liburuan elkarrizketatuak izan direnak eta beraien senide eta lagunak, beste herritar batzuk, Uztarriako kideak...

Liburuari buruzko zenbait xehetasun

Egilea. Amaia Mendizabal Elias.
Orrialdeak. 184.
Argazkiak. 21 irudi daude; gerra garaikoak eta gaur egungoak dira.
Atalak. Bederatzi elkarrizketa daude. Hauek dira protagonistak:
- Antonio Loinaz (Eusko Gudarosteko gudaria).
- Maria Dolores Odriozola (‘Margaritas’ emakume karlisten mugimenduko kidea).
- Santa Larizgoitia (nazionalista, erizaina eta presoa gerran).
- Ignacio Artetxe (Francoren tropetako soldadu erreketea).
- Lurdes Alberdi (Ipar Euskal Herrian eta Frantzian errefuxiatutako familiako kidea).
- Ramon Altolagirre (Francoren tropetako soldadua).
- Jesusa Aranguren (gerra garaiko Azpeitiaren lekukoa eta gerra presoen senidea).
- Jesus Urbieta (Eusko Gudarosteko gudaria).
- Asentxio Zubillaga (gerra garaiko Azpeitiaren lekukoa).
Liburuko hitzaurrea, Imanol Elias historiagileak egin du.
Argitaratzailea. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea.

Egileari buruzko zenbait xehetasun

Amaia Mendizabal Elias azpeitiarra da (1983an jaioa) eta bere aurreneko liburua du. Kazetaria da lanbidez, eta Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian eta Berria egunkarian aritu izan da.

Mendizabal: "Testigantza liburua da"

"Espainiako Gerra bizi izan zuten azpeitiarren testigantza jasotzea. Hori da liburu honen izateko arrazoia. Irakurtzen hasi orduko konturatuko da irakurlea hau ez dela gertaera historikoen kronika; ezta gertatutakoaren analisia ere, inolaz ere ez baita izan gure asmoa ezer edo inor epaitzea.

Gure asmoa liburu orekatua egitea izan da, gerran alde batean nahiz bestean ibilitakoak kopuru berean agertzea baina, aurrez aipatu ditugun arazoak tarteko, ezin izan dugu lortu. Gustatuko litzaiguke, adibidez, azpeitiar ‘gorriren’ baten testigantza jasotzea, baina halakoak gutxi bazter hauetan. Karlista, falangista edota frankistak ere nahi baino gutxiago aurkitu ditugu gurekin hitz egiteko prest.

Ez da erraza 70 urtean isilik, ezer kontatzeko beldurrez egon eta gero hitz egiten hastea; ez baita erraza 40 urtez mutu egotera behartu ondoren isiltasuna puskatzea.

Kontuak horrela, behintzat saiatu gara 1936ko gerrari ahotsa eta aurpegia jartzen. Alde batetik, haiengatik, hura bizi izan zutenengatik: badelako garaia euren oroitzapenak etxeko sukaldeko espetxealditik askatzeko, kalera ateratzeko. Ez dakigu ezer, eta jakin beharko genuke; Jesusak ederki dioen bezala, belaunaldiz belaunaldi gaur arte iritsi diren ezkutuko eta ezkutatutako sentimenduen eta sufrimenduen iturri baitira, hein batean".

Liburua salgai

Saltokiak. Azpeitian: Belaetxe, Eklipse, Iratzar eta Martinez dendatan, eta Uztarriaren egoitzan.
Salneurria. Hamar euro.
Uztarriako bazkideak. Dagokien tokian jaso(ko) dute. Bazkidetzako kuotarekin ordainduta dute liburua. Gaur egun, 1.050 bazkide ditu Uztarriak.

Oraingoa, 11. liburua

Elkarteak 11. liburua du, baina dagoeneko hainbeste liburu atera arren, Azkune lehendakariak gogorarazi du Uztarria ez dela argitaletxea, kultur koordinakundea baizik.

Hain zuzen, 1998an sortu zen Uztarria, eta euskara, komunikazioa eta kultura dira elkartearen ardatzak. Komunikazioaren arloan, tresna komunikatiboak sortzea eta garatzea da bere eginbehar nagusia. Hala, Uztarria aldizkaria eta uztarria.com webgunea ditu, eta Urola Kostako Hitza egunkariko sortzaileetakoa eta bazkide da.

Liburuak ateratzen ere hasi zen, ordea, betiere ardatz horiekin lotutako lanak argitaratzeko eta hutsuneak bete nahian, eta, esan bezala, 11.a du hau.

Uztarriak ateratako liburuak:

Joxe Takolo (biografia). Enekoitz Esnaola, 2001.
Angel Otaegi (biografia). Iban Arregi, 2001.
Imanol Elias (biografia). Mailo Oiarzabal, 2002.
Patxi Altuna (biografia). Josune Etxeberria, 2003.
Azpeitiko efemerideak. Imanol Elias, 2003.
Azpeitiko mendi gida. Lagun Onak Mendi Bazkuna eta Uztarria, 2004.
Euskarazko prentsa eta Azpeitia. Uztarria, 2004.
Loiolarik ez balitz. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi, 2005.
Otsobeltz (komikia). Andoni Salegi, 2005.
Urrestillako musika taldeak. Asier Sustaeta, 2006.
Azpeitiarrak Espainiako Gerran. Amaia Mendizabal, 2006.

----

Uztarriak Amaia Mendizabali eskerrak dizkio, elkarlanean liburua egiteagatik. Bederatzi elkarrizketatuei eta beraien senideei ere bai, liburua egiten laguntzeagatik. Imanol Eliasi, hitzaurrea egiteagatik. Azpeitiko Udalari, liburu hau ere diruz laguntzeagatik. Eta Uztarriako bazkideei, urtero beraien ekarpen ekonomikoa egiteagatik eta, beraz, hau bezalako liburua argitaratzen laguntzeagatik.