10 x 10 100 kilometro

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 27a, 17:09
Xabin Aranagak lasterka 100 kilometro egingo ditu larunbatean.

Xabin Aranaga korrikalariak larunbatean, irailaren 30ean, 100 kilometroko lasterketa korrituko du Kantabrian (Urola Kostako Hitza)

Aspaldiko asmoa, urteetako ametsa egia bihurtzeko prest eta ilusioz dago Xabin Aranaga azpeitiar korrikalaria. Larunbatean 100 kilometroko lasterketa korrituko du, Santa Cruz de Bezanan (Kantabria, Espainia). Inoiz egin ez duen proba da, eta bukatuko balu, egindako lasterketa luzeena. "Orain arte lasterka egin dudan probarik luzeena maratoia da", dio. Maratoiak 42 kilometro eta 195 metro ditu.

Batik bat bukatzeko asmoz joango da lasterketara, "hori baita garrantzitsuena". "Goizeko 07:00etan hasten da proba, eta 11 ordutan bukatu egin behar da, hori da topea". Aranagak 07:30 denboran bukatu nahi du.

Sei hilabete daramatza proba prestatzen, "behin horrelako proba bat egitekotan serio prestatu nahi nuen, horrelakoak behin egiten baitira". Entrenamenduetan 40, 50 eta 60 kilometroko lasterketa saioak egin ditu, "ondo, gustura. Nekatuta bukatzen da, batik bat hankak, baina hala ere gustura".

Ostiralean joango da Kantabriara, lasterketaren bezperan. Hotela hartuta dauka, eta bere lagun batzuk ere joango dira; gero lasterketan edaria eta jana emateko. "Animatzeko eta edariak-eta emateko laguntza beharko dut, bai horixe".

Antolakuntzak jan-edateko tokiak 5 kilometrotik 5 kilometrora jartzen ditu, baina Aranagak gelditzeko asmorik ez du. "Gelditzeko asmorik ez daukat, bestela gelditze eta haste horrek martxa asko mozten du eta hankek hori asko antzematen dute. Jan eta edan martxan egingo ditut".

"Psikologikoki gogorra"

.10 kilometroko ibilbidea da, eta horri hamar itzuli eman beharko dizkiote. "Psikologikoki hori oso gogorra da, eta justu horretarako prestatzen jardun dut, Azpeititik Azkoitira joan-etorrian ibili naiz. Prestaketan 60 kilometro egin behar eta ederra izango litzateke Zarautzera joan-etorria egitea, baina proba honetan ibilbide bakarrari itzuli asko ematen zaizkio eta horretarako ere prestatu egin behar da, burua landu behar da".

Aranaga iaz joan zen probaren ibilbidea nolakoa zen ikustera. "Lasterketa ikustera joan eta harrituta gelditu nintzen. Uste nuen ibilbidea lau-laua izango zela, baina ez da hala. Aldapa txiki batzuk ditu eta hasieran ondo, baina kilometroak egin ahala asko antzematen da, asko-asko. Hori hankentzako oso gogorra da, eta giharreek asko sufritzen dute".

Probaren eguna noiz iritsiko "zain" dagoela dio. "Bai halaxe da, prestatzeko kilometro asko egin ditut eta lasterketaren bezperetara lesiorik gabe iritsi naiz, hori garrantzitsua da". Azken aste edota egunak "lasai" hartu dituela dio. Hala ere egiteko mordoxka baditu, gauez lanean ari baita eta egunez lo egin eta "deskantsatu" egiten du. "Bi egunetan lasai-lasai entrenatuko naiz, eta beste hiru egunetan atsedena hartuko dut" nabarmendu du kirolari azpeitiarrak.