Hilerriko Erorien Gurutzeko plaka Segikoek kendu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 23a, 17:09

“Gurutzeko plakek 1936ko altxamendu faxista goraipatzen dute”

Hilaren 14an kendu zuten

Agiri baten bidez, Azpeitiko Segik beregain hartu du hilerriko Erorien Gurutzeari plaka kendu izana: “Segik, beregain hartzen du, altxamendu frankista goraipatzen duen ikurraren aurkako ekimena. Hilerrian dagoen gurutze horrek hainbat plaka zituen, eta horietan zeuden idatziek Francoren tropetan hildakoak heroitzat jotzen zituen. Beraz, argi dago 1936ko altxamendu faxista goraipatzen dutela. Azpeitiko Segik plaka horiek kendu egin ditu, Azpeitiko Udalaren (EAJ-EA) urteetako utzikeriaren ondorioz hilerrian mantendu direlako”.

Segiren iritziz, “biktimak eta borreroak bereiztea beharrezkoa da”: “Heriotza haiek guztiak ez ziren kasualitatearen ondorio izan. 1936an Euskal Herriaren aurka, helburu eta estrategia zehatzetan oinarritutako ofentsiba baten eraginez, burutu ziren hilketak. Ultraeskuin faxistak, gaur egun bezala, orduan ere Euskal Herria eta herri bezala bere biziraupena zituen jomugan”.

Bestalde, atzo Segik helarazitako agirian, datozen egunotan “Euskal Herriaren aldeko borrokan eroritako gudariei egingo zaizkien omenaldietan” parte hartzera ere deitu ditu herritarrak.