Etxebeltz-Izarra hiritartzeko prozesua berriro aurrera doa

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 22a, 17:09
Etxebeltz-Izarra lur eremuan aurten hasiko dira etxeak egiten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 20. Hirigintza eremuko hirigintza plana "behin betiko" onartzea erabaki du orain (Urola Kostako Hitza)

Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak atzo, osteguna, jakinarazi zuenez, Etxebeltz-Izarra 20. Hirigintza eremua hiritartzeko plana "aurrea doa". Izan ere, Udalak lur eremu horretarako proposatutako plana Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako departamenduak behin betiko onartu du. Aldundiak astelehenean hartu zuen erabakia eta atzo iritsi zen jakinarazpena Azpeitiko udaletxera.

Abuztuan Aldundiak Etxebeltz-Izarra hiritartzeko prozesua etetea erabaki zuen, "hainbat akats" zituelako. Ondoren, hil honetako ohiko udalbatzarrean hilaren 7an Udalak hirigintza planari Aldundiak eskatutako zuzenketak egitea erabaki zuen, EAJren, PSE-EEren eta PPren alde botoekin. EAk eta Habeak kontra bozkatu zuten.

Behin aldaketak eta zuzenketak eginda Foru Aldundira bidali dute hirigintza plana, eta orain prozesuak aurrera egiteko erabakia hartu dute. Etxebeltz-Izarrako obrak aurten hasiko direla azaldu du alkateak. Bertan 320 etxebizitza egingo dituzte, 208 babes ofizialekoak eta 112 libreak.

Etxebeltz-Izarran egingo diren obren pausoen berri "garaiz" emango dutela azaldu zuen atzo alkateak.