Eskualdeetan euskarazko telebista kateak sortzeko Hamaika Taldea eratu dute

Uztarria 2006ko ira. 19a, 19:09

Enpresan EKT, CMNT, EKHE, Euskaltel, Elkar eta Bainet elkartu dira

Eskualdeetako eragileekin batera kate digitalen proiektuak prestatuko dituzte

Eskualdeetan —besteak beste, Urola Kostan— euskarazko telebistak sortzeko eta bultzatzeko helburuarekin Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea sortu dute eta gaur aurkeztu dute, Bilbon. Euskal gizartearen babes zabala jaso dute bertan.

"Euskarazko komunikazio talde sendoa sortu da", esan dute bazkideek. Izan ere, EKT (Berria egunkariaren jabea eta Hitza egunkarietako bazkideetakoa), CMNT (Deia eta Noticias taldea), EKHE taldea (Gara eta Euskal Herriko kazeta egunkariak), Euskaltel, Elkar argitaletxe eta banatzailea, eta Bainet ekoiztetxea elkartu dira.

EKTk, CMNTk, EKHEk eta Euskaltelek enpresaren jabetzaren %20na dute, eta Elkarrek eta Bainetek %10na.

Bazkideek oharrarazi dutenez, gero eta telebista kate gehiago daude Euskal Herrian ere, "eta horietatik gehienak kanpoan ekoiztutakoak dira. Horrek berebiziko garrantzia dauka egunero informazioaren ekoizpenean, munduaren ikuskeraren antolaketan, gure ohituren moldaketan eta gure nazio nortasunaren osaketan". Euskal komunikazio esparruaren egoera "kezkagarri" horretan, "azpimarratzekoa da euskarak telebista esparruan duen agerpide ahula".

Proiektua, nazionala da. EAEn, Eusko Jaurlaritzak laster egingo du hamabost eremutan —Urola Kosta da bat— launa lizentzia banatzeko deialdia eta Hamaikak ordurako proiektuak prest izan nahi ditu. "Tokian-tokian gurekin parte hartu nahi duten eragileekin prestatuko ditugu egitasmoak. Denak dira beharrezko eta aukera paregabea izango da sortuko diren tokiko telebistetan parte hartzeko".