Abuztuko albisteak, motzean

Uztarria 2006ko ira. 1a, 15:09

Aurten ere Uztarria.com-ek abuztuko albisteen bilketa egin du

Hainbat albiste: kuartel zaharra bota dute, Corrugados lantegian langile bat hil zen lan isprituz...

Abuztuak 1: Ibarretxe festetan. Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria, ohi den bezala, Azpeitira etorri zen festetara. EAEko ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak udal ordekariekin Loiolako basilikako meza nagusian izan ziren.

Abuztuak 1: presoen alde festetan ere. Euskal presoen alde kontzentrazioa egin zuten Loiolako basilikaren aurrean, ohi bezala, festetako prozesio garaian. Etxerat elkarteko bi senidek Ibarretxe lehendakariari eskutitz bat eman zioten hedabideen aurrean, "konpromisoa" eskatuz.

Abuztuak 1: agintariei aurreskurik ez. Itsasi Dantza Taldeko kideek ez zuten dantzarik egin eguerdian plazan. Lokal aldaketan Udalak izan duen jarrera salatzeko, taldekoek, dantza egin ordez, plazan elkartu zen jendearen artean eskuorriak banatu zituzten.

Abuztuak 2: adio saninazioei. Saninazioak bukatu ziren, goizeko zortzietan, zezenaren ondoren. Udalak eta Herriko Festa Batzordeak balorazio ona egin zuten.

Abuztuak 3: informazio gunea zabalik. Azpeitiko Udalak informazio gunea ireki zuen Sindikatu Zaharrean, eta irailaren 3ra arte egongo da zabalik.

Abuztuak 5: Jose Mari Eguren apaiza hil zen. Jose Mari Eguren apaiz soraluzearra Frantziskanetako parean zihola bihotzekoak emanda hil zen. Eguren Betharramdarretan eta Miserikordian irakasle izan zen, eta jubilatuz geroztik parrokiko artxiboaz arduratzen zen. 50 urtean zegoen Azpeitian apaiz.

Abuztuak 8: Lagun Onak-Anaitasuna lagunartekoa. Lagun Onak-eko Hirugarren Mailako mutilen futbol taldeak Anaitasunaren kontrako lagunarteko partida jokatu zuen Garmendipeko futbol zelaian. Etxekoak 1-0 nagusitu ziren; Ibon Muñozek sartu zuen gola.

Abuztuak 9: Lan Mobel Iraurgiren 2006-2007 denboraldia. Saskibaloi denboraldi berriko EBA Ligako partidak erabaki zituzten, Iraurgi A multzoan ariko da, eta berekin batera Galiziako bederatzi talde eta Santurtzikoa ariko direla jakin zen.

Abuztuak 11: Urola Ikastolakoek eraikin berria. Urola Ikastolako Perdillegiko eraikin berriari azken ukituak eman eta gero, irailean hainbat ikaslek ikasturtea bertan hasiko dutela jakin zen.

Abuztuak 11: Erdi kalean etxe hutsak botatzen. Erdi kaleko 9. eta 24-26. zenbakietako etxe hutsak botatzen hasi ziren.

Abuztuak 13: Aitor Aranak liburu berria. Aitor Arana Urretillan bizi den idazle legazpiarrak liburu berria kaleatu zuen: Euskunsa edo euskara erraza.

Abuztuak 23: langile bat hil zen Corrugadosen. Langile bat hil eta beste batek zauriak jasan zituen lan istripuan Corrugados fabrikan. Portugaldik etorritakoak ziren biak, eta azpikontratatuta zebiltzan. 20.000 litroko biltegi bat konpontzen ari ziren istripua izan zutenean. Biltegiari hankak jarri nahian zebiltzan. Soldatzen ari ziren, txinparta batek eztanda handi bat eragin arte.

Abuztuak 25: Kuartel zaharra botatzen. Hainbat atzerapen eta gero kuartel zaharra botatzen hasi ziren. Udal babeseko 20 etxebizitza egingo dituzte.

Abuztuak 27: Mikel Aranburu martxan. Espainiako futboleko Lehen Mailan aurreneko partidan, Athletic-Reala derbian Mikel Aranburuk jokatu egin zuen berriro. Iazko abenduaren 4tik zegoen partida ofzialik jokatu gabe, lesio larri baten ondorioz. Bigarren zatian aritu zen Bilbon. Gainera, banako berdinketako gola sartu zuen Realarentzat.

Abuztuak 28: areto futbolekoak martxan. Azpeitiko Areto Futbol Taldea Kirol Elkarteak denboraldi-aurrea hasi zuten.