Udala alokairurako etxebizitzak egitea aztertzen ari da

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 27a, 10:07
Egunotan Alsabe zegoen eraikina botatzen ari dira.

Garai batean Alsabe egon zen tokian Udalak lurrak ditu eta bertan egiteko aukera du mahai gainean (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udala alokairu sozialeko etxebizitzak egitea aztertzen ari da. Agirrenekoan (lehen Alsabe enpresa zegoen tokian) egiteko aukera du mahai gainean. Baina Udalak hartzen duen erabakiaren berri irailean emango duela adierazi dute alkatetzatik.

Agirreneko etxeak dauden tokitik hasi eta garai batean Udal Euskal Patronatuak egoitza zeukan tokira arte hainbat eraikin bota egingo dituzte, etxebizitza berriak egiteko. Udala toki horretan lurzoru zati baten jabea da; leku horretan 18 etxebizitza egiteko asmoa dauka. Orain arte bertan babestutako etxebizitzak egiteko asmoa zuen Udalak, baina orain alokairu sozialekoak egin ala ez aztertzen ari da.

Azkenaldian etxebizitza eskubidea aldarrikatuz proposamenak eta eskaerak egin dira herrian. Hilaren hasieran gazteek, hogei urtetik gora hutsik dagoen, Karasusaneko etxebizitza bat okupatu zuten, "gazteen etxebizitzarako eskubidea aldarrikatuz". Uztailaren 8an, ordea, Ertzaintzak okupatutako etxea hustu egin zuen.

Uztailaren 17an, berriz, Habeak koartel zaharrean alokairu publikoko etxebizitzak egitea proposatu zuen. Koartel zaharra laster botatzekotan dira -hil honetan botatzeko asmoa zuen Udalak- eta lur horiek ere Udalaren jabetzakoak dira.