2.760 sagardo botila

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 22a, 14:07
Sagardo txapelketaren antolatzaileak, AƱotan.

Santio Eguneko XXXIV. Sagardo Txapelketan 23 sagardogilek hartuko dute parte (Urola Kostako Hitza)

Azpeitia zerbait baldin bada, herri sagardozalea da", dio Santi Lazkano Santio Eguneko XXXIV. Sagardo Txapelketaren antolatzaileetako batek. "Gerra aurretik Azpeitian sagardotegi ugari zen, gerrako iskanbilaren ondorioz galdu egin ziren ordea". Herri sagardozalea eta "sagardoaz dakiena" dela diote.

Aurten 23 sagardogilek parte hartuko dute txapelketan. Bakoitzak 120 botila ekarriko ditu, denera 2.760 botila eta 2.070 litro sagardo. "Urtean urtean sagardogileen eskaintza handiagoa da, baina leku aldetik plazako arkupeek agintzen dute", diote.

Antolatzen Landeta, Loiolatxo, Izarraizpe eta Goikabi elkarteek jarduten dute. Baina egunean bertan sagardoa ateratzen 60-70 lagun inguruk parte hartzen du. "Bi ordutan horrenbeste sagardo ateratzeko herriko beste elkarteetako kideen laguntza behar izaten dugu", diote.

Duela 3-4 urtetik herriko elkarteetakoek ere sagardo onenaren saria ematen dute, "iaz elkarteetakoek eta epaimahaiak sagardogile berari eman zioten saria, hori Azpeitiko jendea sagardo kontuan dakiena denaren seinale da".

Txapelketako epaimahaia zortzi lagunek osatzen dute. Sagardogile baten eta bestearen sagardoa dastatzen dute, tartean ogia besterik ez dute jaten, "garai batean arrautza egosiak eta legatz frijitua jaten genituen".