Mendizaleek botako dute saninazioetako txupinazoa

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 17a, 12:07
Xoxoteko gailurrean dagoen San Inazioren irudia.

Xoxoten San Inazioren irudia jarri zutela 50 urte pasatu dira (Urola Kostako Hitza)

Aurtengo saninazioetako txupinazoa Maria Jesus LarraƱaga Lagun Onak Mendi Bazkunako presidenteak eta Jesus Maria Urrutia Bilboko Aldatz Gora Mendi Elkarteko presidenteak botako dute. Aurten, San Inazio hil zela 450 urte bete dira, eta horren inguruan hainbat ekitaldi egiten ari da herrian. Xoxoten San Inazioren irudia jarri zutela, berriz, 50 urte bete ziren larunbatean. Irudi hori mendi gailurrean, Bilboko Aldatz Gora Mendi Elkarteko eta Azpeitiko Lagun Onak-eko mendizaleek jarri zuten.

Lagun Onak M.B. 50. urteurrena liburuan aipatzen denez, "1956ko uztailaren 15ean Wuhu-ko (Txina) gotzaina zen Aranburu jaunak, San Inazioren estatua erraldoia inauguratu zuen Xoxoteko puntan". Orduan, Jose Maria Ortuzar eta Miguel Arregi ziren bi mendi elkarteetako buruak. Haien omenez, gaur egun erreleboa dutenek botako dute txupinazoa. Bi mendi taldeetako buruez gain, Miguel Arregiren alaba ere, Marisol Arregi, udaletxeko balkoian izango da San Inazio bezperan, txupinazoa botatzeko garaian.

San Inazio festetako esku-programa gaur (astelehena) hasiko dira banatzen, eta bertan txupinazoa nork botako duten ere iragarri dute.