Haizea Egiguren eta Gari Mendiola: "Gaztetxearen urtebete hau oso positiboa izan da"

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 14a, 13:07
Haizea Egiguren eta Gari Mendiola Gaztetxeko atarian.

Azpeitiko Gazte Asanbladak bihar, larunbata, Gaztetxearen urteurrena ospatuko du festa eta aldarrikapen giroan (Urola Kostako Hitza)

Bihar, larunbata, Azpeitiko Gaztetxearen urteurrena ospatuko dute Urtebete herriari bizia ematen lelopean. Urtebete besterik ez da Gaztetxeak ateak zabaldu zituenetik, "gauza asko egin dira urtebete honetan, funtzionamenduari forma eman diogu. Kontu batzuk aurrera atera dira, baina beste batzuk orain ari gara tajutzen", diote Haizea Egiguren (Azpeitia, 1984) eta Gari Mendiola (Azpeitia, 1982) Gazte Asanbladako kideek. Urteurrenean, Gazte Asanbladak "etxebizitza eskubidea" aldarrikatuko du.

Urtebete da Gaztetxeak ateak zabaldu zituela. Zer moduz?

Gari Mendiola: Hori da, urtebete da Gaztetxea lortu genuela eta orduantxe jarri ginen martxan. Urtebete hau oso positiboa izan da, eta herrian ez dago horrelako parte hartze zabala eta anitza duen beste egitura bat. Ekimen asko egin da denbora gutxi honetan eta herriak bizitasuna hartu du, batik bat ostiraletan.

Aurrena Gaztetxearen funtzionamendua erabaki zenuten, ezta?

Mendiola: Behin Gaztetxea lortuta, Gazte Asanbladak nola funtzionatu behar zuen zehaztu eta lana eraginkorragoa izateko lan taldetan banatzea erabaki genuen. Batzarra da erabakigunea, eta hor hartzen dira erabakiak, eta lana taldeetan banatuta egiten dugu. Lan talde batzuk iraunkorrak dira eta besteak, berriz, garaian garaikoak. Lan taldeen proposamenak talde eragilean koordinatzen dira. Talde eragilean, berriz, lan taldeetako ordezkariak biltzen dira. Funtzionatzeko era hori izatea erabaki genuen, jende askoko batzar orokorretan erabakiak hartzea zaila delako.

Zein lan talde daude lanean?

Mendiola: Gaztetxeak ez du eskaintza bakarrik egin behar, arazoez hitz egin eta horiek jorratu behar diren lekua ere izan behar du. Horregatik gazteen arazoak landuko dituen talde bat sortu zen. Beste lan taldeak aisialdia, diruzaintza, azpiegiturak eta komunikazioa dira.

Orain urtebete Gaztetxeak herriko gazteen arteko komunikazioa sustatzeko tresna eta gazteek beren gauzak antolatzeko gune izan behar zuela zenioten. Helburu hori bete al du Gaztetxeak?

Mendiola: Nik uste dut Gaztetxeak horretarako tresna izan behar duela, eta izango da. Urtebete honetan gauza batzuk lortu dira. Azpeitiko 80 gazte koadrilekin hartu emana daukagu. Otsailaren 18an gazteen arazoen inguruko eztabaida egin zenean, ia koadrila guztiekin egon ginen. Zaila da antolatzen dugun gauza bakoitzeko denekin egotea, baina saiatzen gara ahal den guztiekin egon eta guztia elkarbanatzen.

Haizea Egiguren: Parte hartze handiena, batik bat, une zehatz batzuetan lortu dugu. Baina, lan talde desberdinetan ere aniztasuna dago.

Zenbait unetan Damasoko bizilagunekin arazoak izan dituzue. Gaur egun nolako hartu emana duzue bizilagunekin?

Mendiola: Gu beti prest azaldu gara bizilagunekin hitz egiteko eta ondo emateko. Haiekin bilerak egiteko ahaleginak egin ditugu beti. Hasieran bilerak deitzen genituen bizilagunekin eta sei lagun azaltzen ziren, baina kezkak ez ziren azaltzen bileretara. Orduan, guk metodologia bat proposatu genien bizilagunei: karreretako ordezkariekin bi edo hiru hilean behin biltzea. Hori lortu dugu, eta orain hango karreretako ordezkariekin biltzen gara. Bileretan guk ditugun eta haiek dituzten kezken inguruan hitz egiten dugu. Arazoak, kontzertu handiak egin direnean egon dira. Une hauetan bizilagunekin dugun harremana naturala eta ona da.

Gaztetxera adin guztietako jendea erakarri nahi izan duzue. Harrera ona jaso al duzue?

Egiguren: Ikus-entzulego orokorrari zuzenduta antolatu ditugun ekitaldiak ondo atera dira, eta oso harrera ona izan dute. Gero, elkarte eta talde desberdinekin elkarlanean antolatu izan ditugu ekitaldiak, esaterako Txolartekoekin. Bihar goizean jende heldua deitu dugu Gaztetxera; Gaztetxea erakutsi eta urtean zehar egin ditugun ekitaldien berri eman nahi diegu. Horretarako elkarte gastronomikoetan gonbidapenak banatu ditugu.

Etxebizitza aldarrikatuz

Gazteen arazoen Gaztetxeko lan taldeak herriko gazteen arazoak aztertzeko diagnosia egin eta lehentasunak zehaztu ditu. Lehentasuna duen arazoetako bat etxebizitza dela diote, "arazoa larria delako". Lan taldeak Gazte Manifestua egin du, eta bihar, Gaztetxearen urteurrenean, manifestazioa deitu dute.

Gazte Manifestuak honakoa dio: "Etxebizitza, oinarrizko eskubide unibertsala da; Azpeitiko gazteria, behartuta dago bizitza hipotekatzera, eta egoera honek bizimodu prekariora bultzatzen du. Etxe hutsei erabilera ematea beharrezkoa da. Etxe berriak eraikitzeak interes pribatuei erantzuten die eta ingurugiroa kaltetzen du. Egoera honetaz baliatuz negozioa egiten dute interes pribatuek, eta Udalarena da erantzukizun nagusia. Udalari dagokio alokairu soziala eta etxe hutsen inguruan aldaketak ematea, eta egoera aldatu ezean okupazioa da dugun alternatiba bakarra, eta egoera aldatzeko borroka tresna eraginkorrena". Kale Gorrian taldeak ere bat egin du Gaztetxetik deitu duten manifestazioarekin.