Erorien Hilerria ez aldatzeko eskatu du Julia Tercerok

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 13a, 11:07
Erorien Hilerria, Domusantu egunean.

Irudiaren idatzia aldatu nahi izanagatik kritikatu egin du Udal Gobernua (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udaleko Julia Tercero PPko zinegotziak hilerriko Erorien Hilerrian idatzia kendu nahi izana leporatu dio EAJk eta EAk osatzen duten Udal Gobernuari.

Tercerok atzo, asteazkena, plazaratutako prentsa oharrean dioenez, "Udal Gobernuaren proposamena, Espainiako Gerra Zibilean hil ziren 40 lagunen senideen aurkako iraina da. Toki horretan lurperatuta dauden hildakoak 60 urte eta gero ahaztu egin nahi dituzte". Terceroren iritziz, "hilerriko irudi horretako idatzia kenduz gero, aspaldiko zauriak irekiko dira eta biktimen oroimenari eraso zuzena egingo zaio. Gerran eroritakoen errespetuz bere horretan mantendu beharko litzateke".

'Urola Kostako Hitza'-k jakin duenez, Udalean herritar batek egindako eskariz gai horretaz eztabaidatu izan da, baina Udalak oraindik ez du erabakirik hartu.