Jose Artetxetik kiroldegira bidegorria

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 11a, 11:07
Saihesbidearen ondoren egingo dute Jose Artetxe eta Udal Kiroldegia lotuko dituen bidegorria.

Lana nork egingo duen hil honen bukaerarako erabaki nahi du Udalak

Bidegorriak 358.185 euroko aurrekontua izango du (Urola Kostako Hitza)

Jose Artetxe eta Udal Kiroldegia lotuko dituen bidegorria egiteko proiektua eginda dauka Udalak, eta orain lan horiek nork egingo dituen erabaki beharko du. Oporrak hartu baino lehen erabakia hartzea nahi du, eta gero lau hilabeteko epean bukatuko dituzte lanak. Bidegorri horrek 358.185 euroko aurrekontua izango du.

Herri barruko bidegorrien sarea osatzen joateko, aurten bizikletan ibiltzeko beste bi bide egin nahi dituzte: Damaso Azkue-Sanjuandegiko biribilgunea eta kiroldegia-igerilekua. Juan XXIII-Landeta bidegorria eginda dago dagoeneko, Amueko biribilgunearen lanekin batera egin zuten eta. Herri barruko bidegorria egiteko zailtasunik handienak Sanjuandegiko biribilgunean dituzte, eta horri irtenbidea bilatu nahian ari da Udala.

Herri barruko bidegorrien sareak Garmendipen izango du Azkoitia-Azpeitia bidegorri sarearekin lotura. Bi herriak lotuko dituen bidea Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du.

Urtegiko paseabidea

Ibai Eder urtegian ere jende asko ibili ohi da bizikletan eta oinez. Orain paseabidea luzatu egingo dute, eta urtegi osoari buelta emango dion bidea egingo dute. Dagoeneko proiektua eginda dauka Udalak. Hil honetan lanak egiteko eskaerak jasoko ditu. Ibai Eder urtegiko paseabideak 498.786 euroko aurrekontua du.