Kuartel Zaharra saninazioetarako botako dute

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 7a, 11:07
Kuartel Zaharrean Itsasikoak bakarrik geratzen dira orain, baina laster jesusmariatara aldatuko dira.

Itsasi Dantza Taldekoak Jesus Maria eraikinera pasatuko dira egokitzapen lanak bukatzen dituztenean (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, kuartel zaharraren eraikina hil honetan bertan botako dute, "saninazioetarako botata egongo da". Udalak toki horretan udal babeseko etxeak egiteko asmoa dauka.

Dagoeneko, kuartel zaharrean zeuden talde ia guztiak lokal berrietara aldatuta daude. Kuartelean Itsasi Dantza Taldekoak besterik ez dira gelditzen.

Kuartel zaharrean egoitza zuten talde gehienak, Perez Arregi plazan Telefonicak zuen eraikinera aldatu dira. Bertan daude dagoeneko, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Azpeitiko Argazki Elkartea, Antxieta Jakintza Taldea, Uztarria Kultur Koordinakundea, Hitza eta Literatuzta. Argazki Elkartea izan da Telefonicaren eraikinera aldatu den azkeneko taldea; "duela hiru aste inguru aldatu ginen", azaldu du Argazki Elkarteko Joxe Ramon LarraƱagak. Elkartekoek azaldu dutenez, lokala inauguratu ere egin zuten. Oraingoz, lokal berriarekin "oso gustura" daudela diote Argazki Elkartekoek.

Izarraitz Txistulari Taldekoek, Aitonenako eraikinean dute lokal berria, Zine Klub taldekoek eta DYAkoek Loiola 91 eraikinean eta Arte eta Diseinukoek, berriz, Jose de Artetxe kalean.

Itsasikoak jesusmariatara

Itsasi Dantza Taldeak orain arte kuartel zaharrean zuen lokala, baina hilaren 17tik 21era bitartean jesusmariatara aldatuko da (lehen Uztaro haurtzaindegia zegoen tokira). Orain, lokala dantza taldearentzat egokitzen ari dira. Udaleko arduradunen esanetan, "egokitze lanak 15erako bukatuko dituzte".

Itsasi Dantza Taldekoek azaldu dutenez, dagoeneko dantzarako erabiltzen dituzten traste gehienak Izarraitz pilotalekuan duten lokalera eraman dituzte.

Lokal hau eman aurretik, Udalak Betharramdarretako lokal bat eskaini zion dantza taldeari, baina taldeko batzordeak hainbat bilera egin ostean lokal hori ez onartzea erabaki zuen. Kokapena "egokia" zela azaldu zuten orduan, baina lokala hirugarren solairuan dago, eta trasteekin gora eta behera ibiltzeko ez zela egokia argudiatu zuten Itsasi Dantza Taldeko kideek lokal hura ez onartzeko.