Karasusaneko etxea okupatu dute

Uztarria 2006ko uzt. 3a, 21:07
Gazteak lehenengo solairua okupatu dute.

Hainbat gaztek Karasusaneko lehenengo solairua okupatu dute

"Gazteon beharrak kontutan hartuko dituen etxebizitza politika bat" eskatzen dute

Azken albistea (uztailak 5, 15:30): Etxea okupatu dutenak bertan segitzen dute, eta ETB2ko Pasalo programan gaur eguerdian Karasusanean grabatu duten erreportaje bat botako dute

Gazte batzuk Karasusaneko etxeko lehenengo solairua okupatu dute arratsaldean. Une honetan, etxea garbitzen ari dira. Gazteen etxebizitza eskubidea aldarrikatu nahi dute. Okupazioarekin aldarrikapena egiteko ohar bat atera dute:

1). Etxebizitza eskubidea, eskubide unibertsala dela oinarri hartuta, Azpeitian gazteok dugun arazo larrienetako bat da etxebizitza eskubidea ez bermatua egotea. Horregatik eta egoera hau salatzeko Karasusaneko etxera sartu gara hainbat gazte, etxe huts honi bizia eman eta bertan bizitzeko asmotan.

2). Egoera honen erantzule zuzena Azpeitiko Udala da; berak bultzatu eta kudeatzen duelako gaur egungo Azpeitiko etxebizitza politika, Azpeitiko gazteon beharrei erantzuten ez diona. Gazteoi etxebizitza eskubidea ukatzen zaigun eta gutxi batzuek aberasteko erabiltzen duten etxebizitza politika hau PNV eta EA-k bultzatzen dute.

3). Azpeitiko etxeen %21 hutsik dagoen honetan etxeak eraiki eta eraiki ari dira eta herritarren beharren arabera horrek zentzurik ez duenez onartezina dela deritzogu.

4). Gaur egun etxebizitza batean bizi ahal izateko ezartzen diguten bizi eredua onartu beharra dugu; lan baldintza kaxkarrak, ordu extrak, aisialdirik ez... eta honela ez dugu aukerarik bakoitzaren bizitzako proiektu desberdinak libreki garatzeko. Beraz, okupazioa ikusten dugu irtenbide posible bakarra gure bizitza hipotekatu eta bizitzeko eredu hortara lotu ez gaitezen.

5). Guk konpromezua hartzen dugu. Udaleko etxebizitza politika hau aldatu eta alokairu soziala bultzatuko duen etxebizitza politika bat martxan jartzen ez den bitartean, egoera salatzen jarraituko dugu egunez egun, okupazioa egoera aldatzeko tresna bezala erabiliz.

6). Etxe honetara sartu garen gazteok Azpeitiko Gaztetxetik aurkeztu berri den 'Gazte Manifestua'-rekin bat egiten dugu eta babes osoa ematen diogu.

Azken albistea (uztailak 4, 11:35): Ertzainak Karasusaneko etxe azpian daude, eta gazteei etxetik irteteko eskatu diete etxeko nagusiek sartu nahi dutelako. Etxean diren gazteek, barruan giltzapeturik daudela esan, eta haiek giltzarik ez dutela jakinarazi diete ertzainei. Ertzaintzak, ordu erdi inguruz bertan egon ondoren, alde egin du. Behin ertzainek alde egin dutenean, okupatutako etxebizitzaren behealdean bildutako hainbat gazte etxebizitzara sartu dira, desalojo arriskuaren aurrean goian zeudenak babestu asmoz.

Azken albistea (uztailak 4, 15:45): Gazteak Karasusaneko etxean jarraitzen dute une honetan. Arratsalderako, 19:00etarako, batzarra deitu dute etxe behean, bizi duten egoeraz informatzeko.

Azken albistea (uztailak 4, 17:00): Ertzainak bigarren aldiz azaldu dira Karasusaneko etxe azpira, eta oraintxe alde egin dute. Paper bat eskuan zutela, etxeko atea jo dute, baina barruan daudenek ez dietenez ireki, joan egin dira.

Azken albistea(uztailak 5, 15:30): Gaur goizean ertzainen furgoneta bat egon da balkoi azpian momentu batez, baina ertzainak ez dira kotxetik irten ere egin. Eguerdi aldera ETB2-ko Pasalo programakoak etorri dira erreportaje bat grabatzera. Gaur, arratsaldeko 16:00etatik aurrera botako dute bertan grabatutako erreportajea.