Iraurgi saskibaloiko presidente berria Iñaki Uria da

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 3a, 17:07

Joseba Olazabal da zuzendariordea

EBA Ligako Iraurgi saskibaloi taldeak Eñaut Aranbarri jokalaria fitxatu du (Urola Kostako Hitza)

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak presidentea aldatu du; berria Iñaki Uria azkoitiarra da. Joxe Luis Zubizarreta Xubi loiolatarraren lekua hartuko du. Zuzendariordea, berriz, Joseba Olazabal azpeitiarra izango da.

Zuzendaritza aldaketaren berri ostiralean (ekainaren 30ean) egindako batzarrean eman zuten. "Klubak hartu duen bolumena ikusita, estatutuak aldatu beharra ikusi dugu. Klubaren barruan langile bat hartu dugu, Jose Luis Zubizarreta Xubi. Horretarako Foru Aldundiak diru laguntzak ditu, baina horiek eskatzeko estatutuak berritu behar genituen, eta prozesu hori martxan jarri dugu", zioten. Irailean beste batzar bat deituko dutela esan zuten, eta orduan azalpen zehatzak emango dituztela iragarri zuten.

Lehen taldea osatzen

Dagoeneko EBA Ligako saskibaloi taldea osatzeko lanekin hasi dira Iraurgikoak. "11 laguneko taldea osatu nahi dugu", zioen Xubik. Dagoeneko Eñaut Aranbarri azpeitiarra eta Alex Arzelus gasteiztarra fitxatu dituzte. De La Iglesia jokalariak utzi egingo du Iraurgi taldea, jokatzera Cartagenara (Murtzia, Espainia) dihoalako.

Lolo Encinas entrenatzaile donostiarrak EBA Ligako Iraurgi saskibaloi taldea entrenatzen jarraituko du.