Perez Arregi plazako lanak abuztuan hasiko dituzte

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 29a, 17:06

Lur zorua berritu eta lur azpiko azpiegitura berriak jartzeko lanek 691.195 euroko aurrekontua izango dute

Auzotarrek, obrei buruz hitz egiteko beraiek parte hartu dezaketen ordu batean bilera deitzea eskatzen diote Udalari

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Perez Arregi plazako lanekin abuztuaren bukaeran hasiko dira. Lehen, Enparan kalean eta Plaza Txikian egin duten bezalaxe, Perez Arregin ere lur zoru berria jarriko dute eta lur azpiko azpiegiturak berrituko dituzte.

Obra horiek, BEZa barne, 691.955,84 euroko aurrekontua izango dute, eta Altuna Uria enpresak egingo ditu. Udaleko Hirigintzako arduradunen esanetan, "bost hilabeteko epea izango du enpresak lanak bukatzeko". Epeak betez gero, datorren urteko otsailerako lanak bukatuta izango lirateke.

Bizilagunak informazio eske

Perez Arregi kaleko bizilagunek eta merkatariek sinadurak bildu dituzte Udalari beste bilera bat deitzeko eskatuz. Oraingoz, 25 lagunek sinatu dute idatzia. "Udalak maiatzean Perez Arregi plazako lanak aurkezteko bilera deitu zuen, baina batzar hori 13:00etan zen, eta orduagatik auzotarrok ezin izan genuen bertara joan. Bizilagun bakarra joan zen", diote idatzian. Orain, auzotarrek parte hartu dezaketen ordu batean bilera deitzeko eskatu diote Udalari.