Ekimen judizial hauen helburua ez da justizia egitea

Maria Jesus Aranburu eta Idoia Elorza (EAJren GBBko kideak) 2006ko eka. 29a, 14:06

Gorka Agirre EAJren EBBko kidearen kontrako ekinbidea dela-eta egin dute idatzia GBBko zuzendaritzakoek

Gorka Agirreren aurkako ekimenak “dena balio duela” adierazten du, gezurrek, publikoki leporatzeak eta Zuzenbide Estatuaren izenean errugabetasun - presuntzioa hankaz gora jartzea onargarria dela alegia.

Dokumentu hau izenpetzen dugunok, halaxe egin izan dugu, gure herrian sufritzen duten pertsona eta kolektibo ezberdinen eskubideen burla eta kalteen aurrean ere.

Beste manifestu batzuk sinatu ditugu, agerraldiak egin ditugu, askatasuna exijitu dugu, bakean bizitzeko eskubidea ere bai, eta euskaldun moduan nahiz herri moduan existitzen jarraitzeko eskubidea aldarrikatu izan dugu.

Espainiar Justizia deritzon horretaz, behin eta berriz defenditu behar izatera behartzen gaituzte.

Horregatik, berriro ere ahotsa goratzen dugu, entzun ahal eta nahi diguteneraino, zera adierazteko: ekimen hauek eta antzekoek ez dutela helburu justizia egitea, euskaldunok Espainian lehiatzen diren estrategia politiko eta elektoralen merkantzia eta bekatari bihurtzea baizik.

Batzuk, legearen nagusitasunera joaz, eta besteak orain, Gorkaren eta bera kide den alderdiaren bide demokratikoa goretsiz, epaile baten zentzugabekeriez hitz eginez.

Hasi berria den bake prozesu baten testuinguruan, botere judizialaren independentzia eskatuz, Gobernuko presidentea eta bere justizia ministroa mutututa halako bidegabekeria baten aurrean. Estatuko botereengandik ez dugu ezer espero eta Espainiako justiziarengandik gutxiago. Bakean utz gaitzatela bakarrik eskatzen diegu.

Entzutegi Nazional eta epaitegietako bidean denbora bete eta ematen dugun bitartean herri bezala lokartzea besterik ez dute bilatzen.

Badakigu, horrela azaldu dutelako, Gorka bezalako pertsonen hutsik gabeko ibilbideak ez dituztela kezkatzen.

Larrua ondua dugu eta Gorkak ere bai. Ez gaitzatela koldartu. Pertsona guztien eskubideen alde , gure herriaren eskubideen alde, lasaitasunez, adimenez eta irmotasun demokratikoz lanean jarraituko dugu.

Sinatzaileak, GBBko kide guztiak: Joseba Egibar (lehendakaria), Luis Bandres, Ion Jauregi, Jose Mari Agirre, Elias Arrese, Patxi Ezkiaga, Maria Jesus Aranburu, Aitor Olaizola, Koldo Pereira, Irune Berasaluze, Lourdes Jauregiberri, Eneko Goia, Sofia Bereziartu eta Idoia Elorza.