Aitor Arana: "'Editorea'-n ez dut ezer asmatu"

Pilar Iparragirre (Argia) 2006ko eka. 27a, 11:06

Aitor Arana Urrestilan bizi den idazle legazpiarrari elkarrizketa egin diote Argia astekarian

Aitor Aranaren 'Editorea'-k jaso du Donostia Hiria Kutxa antzerki-saria aurten. Zenbait euskal editoreen gainean hainbat euskal idazlek duten iritzi eskasa du gai. Are, esan daiteke editore horien aurpegirik okerrena islatzen ahalegindu dela egile txapelduna, jakin, ondotxo dakien arren editore horiek asko min dakizkiokeela, antzezlanean inoren izenik aipatzen ez badu ere. "Beraiek badakite nortzuk diren -dio Aitor Aranak- eta orduan, bada... Baina beste idazle asko mindu gara ere egin zaizkigun gauza desegokiengatik, eman zaigun trataera desegokiarengatik. Jende asko dago minduta: depresioak sortu zaizkiona, delako editoreen bulegotik negarrez edo ia negarrez atera dena... Eta hori guztia saihestu zitekeen, azkeneko hamar-hogei urte hauetan ez zen gertatuko, errespetuzko eta gizalegezko tratamendua izan balitz editore horien aldetik". Eta honetaz eta hartaz jarraitu du mintzatzen.

.70 bat liburu idatzia omen zara, aurrenekoa hogeita bat urterekin.

Hala uste dut, ez dakit zehazki. Dena den, lehenengoa Azkonarren laguna izan zen. Garai batean Elkar argitaletxeak antolatzen zuen Bilintx sarian irabazteko zortea izan zuen.

.70 liburu euskal literaturan argitaratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, gero!

Gauza bat bereizi behar da hor. Nik, literatura egiten dudanez, euskalkietan ere banabilenez, eta itzulpenak ere egiten ditudanez, horiek denak zenbatuta ateratako kopurua da hori. Nobela bat izan, hiztegi bat izan, saiakera bat edo itzulpen bat izan, zerrenda horretan berdin zenbatzen dira, eta ez dira gauza bera. Liburuaren azal-hegalean jartzeko zifra da.

Haur literatura egiten duzu, eta baita helduena ere.

Bai. Hori ere bereizi behar da, niri bereizketa hori gustatzen ez zaidan arren. Gogoratzen naiz 11 urte nituenean helduen literatura oso maite nuela. Asko irakurtzen nuen -gehienbat beldurrezko eta misteriozko liburuak-, eta zorionez Legazpiko liburutegian bazegoen emakume jator bat, Arantxa izenekoa, laguntzen zidana. Inoiz ez zidan trabarik ipini. Helduen liburuak aukeratzen banituen, bada, haiek irakurtzen nituen. Alegia, nik ez dudala sailkapen horietan sinesten. Uste dut interesa duenak nahi duena irakurri behar duela, eta ez zaiola mugatu behar, gainera. Baina mugaketak merkatuari erantzuten dio. Jende asko joaten da liburu-dendetara halako adinetako neskatoarentzako edo mutilarentzako liburu baten bila. Eta liburu saltzaileei lagungarria zaie kontrazalean jartzen badu "10 urtetik aurrerakoentzat" edo "8-10 urte bitartekoentzat". Eta hori ere onartzen dut.

Dena dela, zenbat dira helduentzat idatzi dituzun liburuak?

Literaturakoak? 35-40 bat. Oraintxe beste bat etorriko da, Elea argitaletxean. ETAren gatazkari heltzen dio, gordin samar. Idazleek urte askoan izan dugu gaia tratatzeko horrelako beldurra, oso idazle gutxi ausartu da. Ni, garai batean, nekatuta nengoen gai horrekin, hain gogaiturik ez nintzela ausartzen; baina duela bi urte harrikada izan nuen, eta, Antso Nagusiaren koroatzea zela-eta mila urte bete zirenean, nobela bat idatzi nuen, Antso Nagusiaren aitzakian ETAren ingurukoa. Errege hilobia du izenburutzat.

Idazle bezala eskarmentu handia duenak, liburu horiek plazaratzeko beharrezko dituen argitaletxeekin ere izan behar, ez da hala?

Beno, editore batzuk ezagutzen ditut. Nolanahi ere, ni, sariei esker argitaratzen hasi zen idazlea naiz.

Asko irabazi al dituzu?

Ez dakit. Beharbada, ez. Baina badago eztabaida sariketek ezertarako balio duten ala ez. Fernando Morilloren oso laguna naiz, eta hura ere sariketei esker hasi zen argitaratzen. Alberto Ladron Arana ere bai, oker ez banago. Orduan, ni sariketen aldekoa naiz. Je-je-je. Baina galdu egin naiz, editoreez zen galdera. Laburtuz, sariei esker hasi nintzen argitaratzen, eta gero, pixkanaka, ezagun samar egiten hasi nintzen mundu honetan, eta berez argitaratzea izan nuen. Oso saltseroa naizenez, zeharo gai ezberdinak lantzen ditut. Ez dut batere beldurrik zientzia fikziozko nobela bat, edo beldurrezkoa bururatzen bazait, hura idazteko. Edo sexuari buruzkoa -nahiko gordinak dauzkat, gainera; porno generoan sailkatuak-. Iruditzen zait euskal literaturak denetik eduki behar duela, literatura guztiak duten bezala. Baina horrek, ondorio moduan, argitaletxe ezberdinetan argitaratu behar izatea ekarri du, oraindik ere argitaletxe batzuk fraideen eskuetan daudelako, eta beste batzuk ez dutelako pornografia argitaratu nahi. Beste batzuk ausartagoak dira eta bai, onartzen dizute. Hurrengoak, gazte eta haur literaturan dabiltza, eta beste batzuk ez dute halakorik. Nik, denetik idazten dudanez, han eta hemen argitaratu behar izan dut.

Ba al da Euskal Herrian zuk harremanik izan ez duzun argitaletxerik?

Iparraldean eta Araban. Ni, gehienbat, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ahalegindu naiz.

Horietako guztiekin saiatuko zinen...

Guztiekin ez nuke esango. Asko daude!

Gauza da Editorea idatzi duzula, eta euskal editoreen aurpegirik okerrena agertzen da hor. Zer da, mendeku bat?

Hori galdetu izan didate, eta komunikabideren batean mendekua dela jarri dute ere. Baina nik, egia esan, ez dut mendekua hitza inoiz aipatu. Kritika latzak daude hor. Nire ikuspegitik begiratuta, dotore gehiegikeriak egon dira, eta editore batzuek gauzatu dituzte. Batzuek, diot, nire 'Editorea'-n ez da editore bakarra azaltzen. Nahiz eta garrantzitsuena bat bakarrik izan, hainbat azaltzen dira.

Ba al da euskal literaturan zuk deskribatzen duzun halako editore zatarrik?

Lanaren hitzaurrean esaten da egiazko gertakarietan oinarrituta dagoela. Eta hori esateko, berresteko eta berriro esateko beldurrik ez daukat. Baieztatu egin ditut, eta kontrastatu, nire bizitzan gertatutakoak eta heldu zaizkidan informazioak, egia ote ziren ala ez segurtatzeko, argitaratu aurretik. 'Editorea'-n ez dut ezer asmatu. Hainbatek esan dit zilegi dela asmatzea, e! Baina nik hasieratik esaten nuenez kontatutakoak egiazko gertakarietan oinarrituta zeudela, ez nuen gauza faltsurik sartu nahi.

Zure liburuak Ur Apalategiren Gure gauzak SA dakar gogora. Hark iradokia al da?

Hemen bi katu bizi gara -alegia euskal kulturan-, eta gauza hauen berri izaten dugu. Nik Editorea argitaratu baino lehen, uste dut euskal literaturako jende gehienak zekiela hori bazetorrela, gauza ezaguna zelako. Zergatik? Jende asko kontsultatu nuelako hori idatzi aurretik. 15 idazle, bost editore eta bi kazetari kontsultatu nituen, beraien iritzia eskatuz, beraien bizipenak, kontrastatu ahal izateko. Ur Apalategiren nobela hori ez neukan irakurrita Editorea idazten ari nintzenean, baina berarekin egon nintzen, hiruzpalau aldiz, Editorea argitaratu aurretik.

Egin zenituzten iruzkin horien gainean zer edo zer jakiterik ba al dago?

Horrelako lan bat idaztearen alde onak eta txarrak komentatzen genituen. Nik uste dut onuragarriak direla. Mingarriak ere izan daitezke -inori ez zaiolako gustatzen honelako kritika gogorra egin diezaioten-, baina onuragarriak ere bai, hemen dotore gehiegikeriak egin direlako. Hemen eroso agertzen garenean-eta, askotan ez ditugu hainbat gauza kontuan izaten, eta nik uste dut hori nahikoa frogatua gelditzen dela 'Editorea'-n. Gai honen inguruan gerorako lekukotasuna utzi nahi nuen nik. Hemen ez gara izan denak "oi zer jatorrak eta zer onak euskararen alde!". Zorionez, gehiengoa bai; badira oso guraso jatorrak eta langileak, eta beraiei esker ikastolak jarri ziren martxan, eta abar. Euskalgintzan herria oso garrantzitsua da. Beste herri batzuek ez daukate guk daukagun ekimena. Guk badugu, baina dena ez da arrosa kolorekoa, gauza zatarrak ere badira. Eta literatur munduan ere badira. Bestalde, beste nazio batzuetan oso ohikoak dira honelako lanak; hemen eskandalizatu egiten gara. Orain, egia da ere 'Editorea'-n norbaitek bere burua islatua ikusi dezakeela.

Gurea herri txikia dela zenioen. Apustu asko egon al dira editorea hau edo bestea izan litekeela esanez eta izena jarriz?

Galdera ausarta da hori. Saiatuko naiz erantzunean ere ausarta izaten. Lan honen berri izan dutenek, gertakariengatik eurengatik, esango nuke %90ak asmatzen zutela nor zen editorea. Editore bakar bat ez dago hor, baina baten gorabeherak agertzen dira gehienbat. Hori nor zen, uste dut mundu guztiak asmatzen zuela. Horrek pentsarazi beharko lioke berari ere. Pertsona horrek pentsatu beharko luke zergatik gauza txarrak aitatzen ari garen honetan, jende gehienari izen jakin batera joaten zaion burua. Nik ez dut aukerarik izan, argitaratuz gero, editore honekin ez bestearekin hitz egiteko. Baina niri gustatuko litzaidake delako editore horiek jakitea gertakaria komentatzen hasi eta, di-da, izenak ateratzen direla.