Azpeitia-Azkoitia Jaialdia egingo dute igandean, Loiolan

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 27a, 11:06
Jun Luis Lizabe, Aiora Portilla, Ainhoa Arrieta, Jose Luis Arrizabalaga, Jose Luis Frantzesena eta Aitor Gorrotxategi Azpeitia-Azkoitia Jaialdiaren antolatzaileak eta parte hartzaileak atzo.

Aurrenekoz, bi herrietako sei taldek parte hartuko dute San Inaziori eskainitako dantza eta musika ekitaldian

Igandean, uztailaren 2an, izango da: 10:00etan hasiko da (Urola Kostako Hitza)

Ostegunean hasiko dira San Inazio hil zeneko 450. urteurreneko ekitaldiak. Atzo, astelehena, ordea, egitarau orokor horren baitan egingo duten jaialdi berezi bat aurkeztu zuten Loiolan: Azpeitia-Azkoitia Inaziori Eskainitako Jaialdia.

Bi herrietako sei taldek parte hartuko dute jaialdian: bi udal musika bandek, Julian Barrenetxea eta Iraurgi abesbatzek, eta Itsasi eta Sahatsa dantza taldeek. Aurreneko aldia izango da talde guztiak elkarrekin jardungo dutela. Aurretik, bandak eta abesbatzak batera aritu izan dira, baina dantzariak inoiz ez.

"Urteurren hau Loiola inguruko bi herriak ezagutzera emateko aukera polita dela uste dugu. Beraz, herrian dauzkagun taldeekin zerbait elkarrekin egitea pentsatu genuen, Loiola erdigune bezala hartuta", zioen atzo (hilak 26) Aitor Gorrotxategi Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak.

Ekitaldiaren egitaraua "oso herrikoia" dela azaldu zuen Jose Luis Frantzesena Azpeitiko Udal Musika Bandaren zuzendariak. Urunuelaren Musikaren goratzarrea-rekin hasiko dute jaialdia, eta gero, Gipuzkoako dantzak egingo dituzte: Agurra, Alpargatak urratuta, Ezpata dantza eta Arku dantza. Ondoren, beste pieza batzuk jo eta dantzatuko dituzte.

Jaialdiko egitaraua prestatu ondoren, talde bakoitzak bere aldetik egin zituen entseguak. Hala azaldu zuen atzo Juan Luis Lizabe Sahatsa dantza taldeko zuzendariak: "Aurreko astean, berriz, denok batera Azkoitian entseatu genuen, eta aste honetan Azpeitian".

Loiolako Jaialdia

Uztailak 2, igandea
10:00. Izarraitz Txistulari taldearekin goiz eresia.
12:00. Meza nagusia, basilikan.
12:45. Azpeitiko eta Azkoitiko herriak Inaziori eskainitako kontzertua, basilika aurrean. Taldeak: Azpeitiko eta Azkoitiko udal musika bandak, Julian Barrenetxea Abesbatza, Iraurgi Abesbatza, Itsasi Dantza Taldea eta Sahatsa Dantza Taldea.