Dantza irakasle

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 23a, 12:06
Pedro Etxeberria 'Pedrotxo', San Martin egoitzan.

Oargi dantza taldekoei duela 50 urte bete hasi zen Pedro Etxeberria Pedrotxo dantzan erakusten (Urola Kostako Hitza)

Dantzan ikasteko "gogoa eta berezkoa" izan behar duela dio Pedro Etxeberria Pedrotxo-k. Aurten 50 urte bete dira Pedrotxo dantza irakasten hasi zela Azpeitian. Hori dela eta, joan den larunbatean omenaldia egin zioten San Martin Egoitzan.

Madalenakoa da, "barrio de Trianakoa" dio adar jotzen eta barrez. Umoretsua da, 95 urteko gizona 1910eko azaroaren 19an jaio zen. Egindako galdera bakoitzari umorez erantzuten dio. San Martin egoitzako langileek ere estimatzen dute Pedrotxo: "Oraindik ere egunero laguntzen du. Atzo ere karroari bultzaka laguntzen ibili zen", diote.

Oargi dantza taldea sortu baino lehenagoko dantzaria da Pedrotxo. "Aurreskua erakutsi ziguna Pujana izeneko gizon zahar bat huen. Ibiltzeko ere justu-justuan moldatzen zena", halaxe kontatzen du Pedrotxok Azpeitiko Itsasi taldea 25 urte liburuan.

Liburu horretan dantza entseguak Sindikatu Zaharreko ganbaran egiten zituztela esaten da. Eta Pujanaz gain Basilio Lizaso ere dantza irakasle izan zutela. "Basilio, Joxe Lizaso bertsolariaren aita, fenomeno bat huen. Denetik egiten zian: txistua jotzen zian bitartean dantzan aritzen huan. Fenomeno bat". Banakoa, Zortzikoa zein Zahagi Dantza Lizasok erakutsita ikasi omen zituen Pedrotxok.

Oargi dantza taldeak lehen emanaldia 1956ko apirilaren 1ean egin zuen, Aberri Egunez, Loiolan. Oargikoek lehen maisua Madalenakoa izan zuten. "Oargi dantza taldea, nik harrapatu dudan talderik egokiena izan zen. Nik erakutsi beharrean beraiek erakusten zidaten niri", dio liburuan.

Oargiko dantzari ohiak larunbatean gertu izan zituen Pedrotxok. Oraindik ere, 95 urterekin, dantza egiteko keinuak egiten ditu hankari buelta emanez, "txokolatea egiten", esanez. Umoretsua gizona, bai alajaina.