Urrestillan gaur sartuko dira bete-betean sanjoanetan

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 23a, 12:06
Iaz Errezil ingurutik hartu zuten lizarra.

Gaur goizean botako dute lau egunez auzoko plazan izango den lizarra; aurten Matxinbentako bidean topatu dute eta 25 metroko luzera du (Urola Kostako Hitza)

Pasatu den asteburuan San Joan festen giroa sumatu zen Urrestillan, baina jaietako egun handia biharkoa (hilak 24) izango da, San Joan eguna. Gaur San Joan bezpera izanik, urtero bezala, herri afaria izango da, eta ondoren, San Joan zuhaitza sartuko dute plazan.

Andres Aizpurua urtero aritzen da beste lagun batzuekin lizarra bilatzen, eta moztu ostean, auzoko plazan jartzen. "Zuhaitz egokia aurkitzea lan zaila da, batzuentzat neska laguna aurkitzea baino zailagoa izaten da", dio Aizpuruak.

Aurtengo lizarra, Matxinbenta inguruan aurkitu dute, eta goizen goiz abiatuko dira moztera. "Horrela, eguerdirako auzoan izango dugu zuhaitza", dio Aizpuruak.

Zuhaitza moztera bost lagun inguru joango dira, eta zuhaitza moztu ostean lan asko egin behar izaten dela adierazi du Aizpuruak. "Adarrak moztu behar zaizkio, eta gero plazako zuloan sartzeko ere prestatu beharra izaten da".

Aurtengo Lizarrak 25 metroko altuera duela azaldu du Aizpuruk, eta Urrestillaraino eramateak ere bere lanak ematen dituela adierazi du. "Hala ere, garai batean baino hobeto moldatzen gara, garai hartan Urrestillara bizkarrean eramaten genuen", gogoratzen du Aizpuruak. Gaur egun, zuhaitza erosi egiten dute, edo bestela jabea herri afarira gonbidatzen dute.

San Joan jaietan lizarra auzoko plazan jartzea aspaldiko ohitura dela azaldu du Aizpuruak. "Garai batean makalak jartzen ziren, baina azken urteotan lizarrak jartzen ditugu, sanjoanetan lizarrak jartzen baitira". Zuhaitza gaur iluntzean jarriko dute plazan, eta festek irauten duten bitartean bertan izango da. Astelehenean, jaietako azken egunean, zuhaitzaren entierroa egingo dute. Ekitaldi honetan zuhaitza botako dute, eta Aizpuruak adierazi duenez, jende asko elkartzen da herriko plazan hau ikusteko.

EGITARAUA

Ekainak 23, Ostirala: San Juan bezperan

20:00. Poteo Herrikoia.
21:00. Txupinazoa eta segidan herri afaria.
23:00. San Juan Arbola sartzea.
23:30. Dantzaldia KiƱu taldearekin.
00:00. San Juan sua piztuko da.

Ekainak 24, Larunbata, San Juan Eguna

09:30. Diana dultzaineroekin.
12:00. Meza.
12:45. Azpeitiko Bandaren emanaldia.
13:00. Erraldoi, buruhaundi eta dultzaineroak.
16:00. Zezen txiki eta pottokak.
17:00. Haur eta gaztetxoentzat eskulan tailerra.
18:00. Herri Kirolak (neskak mutilen aurka).
19:00. Zumetoyoko torneoaren finalak (pilota partiduak).
19:30. Bentazaharreko Mutiko alaia.

Ekainak 25, Igandea: San Juan Txiki Eguna

12:30. Sagardo daztaketa.
15:30. Mus Txapelketa.
16:00. Ume jolasak.
17:00. Umeentzako merienda.
21:00. Antzerkia.
22:00. Ttakunpa taldearen emanaldia.

Ekainak 26, Astelehena: San Juan Hirugarrena

16:00. Altxorraren bila.
22:00. Izer eta Alabier trikitilariekin kalejira.
23:00. Arbolaren entierroa.