Joseba Iriondok Pluma de la Paz saria jaso du, Iraken egindako lanagatik

Uztarria 2006ko eka. 22a, 21:06
Joseba Iriondo (ezkerrekoa da), Iraken.

ETBko kazetariak Irakeko gerra berriemaile bezala jardun izan du

"Gerraren bihotz-bihotzean bakearen defendatzaile" izan dela dio Mensajeros de la Paz elkarteak

Joseba Iriondo ETBko kazetariak Pluma de la Paz saria jaso du gaur (osteguna), Madrilen, Irakeko gerran berriemaile bezala egindako lanarengatik.

Mensajeros de la Paz elkarteak Iraken egondako kazetarien lana nabarmendu du eta, tartean, Iriondorena. "Bere bizitza arriskuan jarri du eta horrek bakearen defendatzaile bilakatu du gerraren bihotz-bihotzean", esan dute.

Pluma de la Paz sariak 1980. urtean sortu zituzten. Hedabideen "alderdi humanitarioa eta giza sufrimendua salatzeko agertzen duten ausardia eta sentsibilitatea" saritzen dute.

Iriondo 1969an jaio zen eta azpeitiarra da. 12 urterekin Zarautzera joan zen bizitzera. Gero, Algortara. Kazetaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. 3 urtez ETBko berriemailea izan zen Madrilen. ETB1en albistegia aurkeztu izan du. Gerra berriemaile moduan, Afganistan eta Irakeko gerretan egon da ETBrako lanean.

2003ko maiatzean Uztarria aldizkariak erreportaia egin zuen Iriondorekin: Irakeko injustizia, bertatik bertara

Iriondoren orduko esaldi batzuk:
- “Garrantzitsua gu kazetariok han egotea, hangoari buruz informatzea. Badakigu jendearengan eragin handia daukan informazioa bildu dugula, eta hori izugarria da kazetari batentzat".
- "Irakiarra jende atsegina da. Musulmanengan ohikoa denez, beti laguntzeko prest dagoen horietakoa".
- "Lehenengo egunetan aluzinatuta zaude, seko harrituta. Hasieran hoteletik irten ere ez ginen egiten, baina gero ohitu-edo egiten zara, eta hori da txarrena, halako egoerara ohitzea. Bonbardaketan ari ziren nonnahi eta noiznahi, eta zu hor zenbiltzan, batetik bestera, helburu militarrengandik ahalik eta urrunen".

'Urola Kostako Hitza'-k elkarrizketa egin zion 2005eko urtarrilean: Gatazka batzuk mediatikoak dira