Goizane Aranburu: "Surfa dela eta, hanka-hutsik ibiltzen dira toki guztietan"

Matraka 2006ko eka. 21a, 16:06
Goizane Aranburu.

Goizane Aranbururi elkarrizketa egin diote Matraka gazte aldizkarian

Goizane Aranburu azpeitiarra da. Baina justu munduaren beste puntan topatu dugu. Bi urte daramatza Sydneyn bizitzen.

Nolatan erabaki zenuen munduaren beste muturreraino joatea?

Betidanik jakin nahi izan dut Australia nolakoa zen,munduaren beste puntan zer dagoen: jendea, hizkuntza, kultura... Kanpora irteteko gogoa nuen eta ingelesa ikasteko leku paregabea iruditu zitzaidan.

Eta behin hara iritsita, nola gogoratzen dituzu aurreneko egunak?

Zapatu gaua iritsi eta ez neukan inor ere poteora irteteko. Gainera, kilometro pila bat egiten nuen oinez egunero; mapak ez zaizkit asko gustatzen eta beti galduta ibiltzen nintzen. Nire pisukideak batzuetan beldurtuta egoten ziren iritsiko nitzen edo ez pentsatuz!

Australia hondartza eta kanguruekin lotzen dugu hemen. Hori bakarrik alda?

Ezta pentsatu ere. Ni hiri handi batean bizi naiz, Sydneyn, eta kanguruak eta koalak ikustea zaila da! Baina hiritik irten orduko, kontuz gidatu behar izaten da, edozein momentutan salto egiten baitute errepidera. Hondartzako kultura ikaragarria da. Jende ugarik egiten du hemen surfa, eta hori dela eta, hanka-hutsik ibiltzeko sekulako ohitura dago. Supermerkatuan, gasolina zerbitzugunean, edonon. Neu ere hala ibiltzen naiz askotan!

Zer gustatzen zaizu hortik gehien?

Berdin dio astegun edo asteburua izan. Jendea egunero ateratzen da afaltzera, edozein egunetan elkartzen gara lagunak afaltzeko, gitarra jo, ardoa edan eta kantatzeko. Ez ditut bost egun asteburuaren zain pasatzen. Gazteak euren kasaka bizi dira pisuetan eta Gobernuaren diru laguntza handiak dituzte.

Eta zer gutxien?

Hain lasaiak izanda, ez dute borroka askorik egiten Gobernuaren aurka. Azkenaldian, oso gobernu kontserbadorea dute eta, hala ere, ez dituzu ikusiko kalean manifestazioetan edo asko kexatzen. Baketsuegiak direla esango nuke.

Euskal Herriaren berririk ba al dute hor?

Bai. Asko, gainera! Euretako asko udara oro hor dira, Mundaka, Laida, Sopela eta beste toki batzuetan. Tabernen eta festen berri ederki dakite. Bestalde, SBS deituriko telebistako kate dokumentalistari esker, gure berri badute, eta oso harro sentitzen dira gutaz, Europako aborigenak jotzen gaituzte akaso, kulturaz josiak eta munduko hizkuntza zaharrenarekin eta misteriotsuenarekin maiteminduta.

Bi urte pasatu dituzu hor. Betiko geratzeko moduko tokia al da?

Zaila da amaiera bat jartzea. Abentura moduan, plan handirik gabe etorri nintzen. Baina dagoeneko neure bizia sortu dut hemen: nire lagun australiarrak, hiriko txokoak, bizitzeko estiloa, ingelesez gustura jarduten naiz eta ez dakit. Baina, bestalde, nire sustraiek ere pisu handia dute. Ikusiko dugu.