Jose Antonio Cau Aldalur azpeitiarra atxilotu dute Baionan

Uztarria 2006ko eka. 20a, 13:06

Espainia eta Frantziako poliziek elkarrekin egindako operazioan atxilotu dute

"ETAren finantza sarearekin" lotura izatea egotzi diote; operazioan beste 11 lagun atzeman dituzte

Frantziako eta Espainiako poliziek elkarrekin egindako operazioan, guztira 12 lagun atxilotu dituzte, "ETAren finantza sarearekin" lotura izatea leporatuta. Zazpi lagun Lapurdin atxilotu ditu Frantziako Poliziak eta beste bostak Gipuzkoan Espainiako Poliziak. Horien artean, Jose Antonio Cau Aldalur atxilotu dute, Baionan.

Cau Aldalur (Jose Antonio Zuraitza da jaiotzez; abizen horrekin ezagutzen da haren familia Azpeitian), Azpeitian jaio zen, 1943. urtean, baina gaztetatik Lapurdin bizi da, Cau Aldalur sendia hara joan zenetik.

Gara.net webguneak adierazi duenez, azpeitiarraren egoeragatik kezka azaldu dute ingurukoek, begiko ebakuntza egin berri diotelako.

Polizia operazioa oraindik zabalik dago, eta miaketa asko egiten ari dira. Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez, honakoak dira atxilotuak:

Julen Madariaga (Bilbo, 1932) Senperen.
Angel Iturbe Abasolo (Arrasate, 1953) Arrangoitzen.
Jose Luis Cau Aldalur (Azpeitia, 1943) Baionan.
Cristina Larrañaga (Arrasate, 1954) Azkainen.
Eloy Uriarte (Soraluze, 1941) Miarritzen.
Izaskun Gantxegi (Eibar, 1944) Miarritzen.
Jose Ramon Badiola (Eibar, 1958) Hendaian.
Joseba Imanol Elosua (Zumaia, 1934) Irunen.
Jose Karmelo Lukin (Iruñea, 1974) Hondarribian.
Ramon Sagarzazu (Bilbo, 1936) Oiartzunen.
Jean Pierre Harokarene (1963) Irunen.
Iñaki Aristizabal (Oiartzun, 1946).

Informazio gehiago Berrian