Herriartekoa jokoan

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 16a, 18:06
Azpeitian jokatu zituzten finalerdietako joaneko partidak.

Aspaldiko ezagunen arteko lehia bizia izango da gaur (hilak 16), Azkoitiak eta Azpeitiak finalerako txartela baitute jokoan

Partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dira 22:00etatik aurrera (Urola Kostako Hitza)

Finalaren aurreko final txikia jokatuko da gaur (ostirala) Gurea pilotalekuan. Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek finalerdietako bueltako hiru partidetan erabakiko dute norentzat den Gipuzkoako Herriarteko XXIX. Pilota Txapelketako finalerako txartela.

Hitzordua 22:00etan da, eta 5 euroko sarreraren truke bi herrien arteko norgehiagoka ikusteko aukera izango da. Azpeitiarrek joan den astean garaipena lortu zuten etxean, 2 eta 1 emaitza lortuta. Azkoitiarrek, hala ere, sei tantoko aldea dute, eta batak zein besteak dute finalerako bidea zabalik.

Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak final zortzirenetan sartu ziren txapelketan. Aia eta Astigarraga taldeak utzi zituzten kalean, 6-0 emaitzekin. Ondoren, final laurdenetan Azkoitiak 5-1 irabazi zion Usurbilgo taldeari, eta finalerdietarako sailkatu zen. Azpeitiarrek 3-3 egin zuten Bergarakoen aurka, eta tanto kopuru berbera lortuta, gainera. Talde gazteagoa izanda, ordea, finalerdietarako txartela lortu zuten.

Tolosa helburu

Gaur garaile aterako den taldeak uztailaren 1ean jokatuko du finala Tolosako Beotibarren. Donostiako eta Andoaingo taldeen arteko lehiaren garailea izango du aurrean. Biak gaur neurtuko dira Andoaingo Arrate frontoian. Donostiarrek 2-1 irabazi zuten joanekoan. Horrenbestez, finalera heltzeko faborito nagusiak dira.

Jexux Andueza: "Ea bi partida irabazten ditugun eta tanto batzuk ateratzen ditugun"

Etxean, urteko hitzordurik garrantzitsuena izango da gaurkoa Jexus Andueza Azkoitiko taldeko arduradunarentzat.

Nola ikusten duzu gaurkoa?

Gure pilotariek gaizki pasatu zuten Azpeitian. Nik beldurra banuen frontoiarekin. Guretzako xelebrea egiten da, gu ohituta gaude frontoi handietan. Nik badut bi partida irabazteko asmoa. 6 tanto alde dauzkagu eta uste dut hemengo lehia ez dela berdina izango. Azpeitian 6. koadroan jokatzen duzu eta hemen 8-9tik jokatu beharko dugu. Ezberdina da oso. Pilotak ere desberdinak dira.

Azkoitiar pila izango da Gurean.

Nik pentsatzen dut jende asko etorriko zaigula. Batek esan zidan Azkoitian jokatzea hobea zela, baina nik zera esan nion, nahiago nuela hiru irabazita etortzea, kantxari begiratu gabe. Sarrera handia izango dugu, eta alde batera ondo etorriko zaigu urtearen bukaeran ondo irteteko.

Aldaketarik izango al da bikoteetan?

Lehengo asteko jokalari berdinak ariko dira. Azpeitiarrek esan dute Yeregik jokatuko duela, eskuko mina sendatu zaiola eta. Ikusiko dugu zer gertatzen den hemen. Ea bi partida irabazten ditugun eta tanto batzuk ateratzen ditugun.

Andoain ala Donostia nahiago finalean?

Batera edo bestera ez dago alde handirik. Azpeitiarrei irabazten badiegu, ikusten dut lehenengo finaleko bi partidetan irabazteko aukera izango dugula bi taldeekin. Baina lehendabizi azpeitiarrei irabaziko diegu!

Jexux Ruiz ArgandoƱa: "Etxean irabazi genuen, eta gaur berriro ere bi partida irabazi behar"

Kantxa eta ikuslegoa kontra izango badute ere, Jesus Ruiz ArgandoƱak, Azpeitiko Ilunpe taldeko arduradunak, norgehiagoka parekatua iragarri du gaurko.

Nola ikusten duzu gaurkoa?

Erdibana, %50. Nik hala uste dut. Guk Azpeitian irabazi genuen, eta gaur berriro ere bi partida irabazi behar.

Gurea frontoia handiegia al da zuen jokorako?

Guretzako frontoi ona da hura ere. Frontoiak aitzakiarik ez dauka. Frontoi Txiki gurea delako, bai, abantaila da, baina Azkoitikoa ez da txarra. Agian kadetetak ibiliko dira apur bat galduta, baina jubenilak eta zaharrak ohituta daude eta berdin-berdin ibiliko dira.

Azkoitiko zale asko izango da bere taldea animatzen.

Niri ez dit alde handirik egingo. Zenbaiti bai, mutil batzuei eragingo die, baina bestela ez. Azpeitiar asko ez da joango, azkoitiarrek beteko dutelako pilotalekua. Jendea joango da, baina ez hainbeste. Azkoitiarrek Herriartekoa dute, eta hortxe joaten da jendea. Gero, emaitza hain estua denez, gehiago joango dira.

Jokalarien aldetik nobedaderik ba al duzue?

Yeregi ondo dagoen probatu behar dut, berarekin bakarrik entrenamendu saioa egingo dut, eta ez badu minik hartzen berak jokatuko du jubeniletan.

Andoain ala Donostia nahiago finalean?

Beno, final denak berdintsuak izaten dira. Bat edo beste, ailegatzen denak meritua dauka, eta ez dago alde handirik. Akaso, Andoain hobe. Baina zaila izango du; Donostia helduko da finalera.