Habeak hainbat ekimen antolatu ditu aste honetarako

Uztarria 2006ko eka. 13a, 18:06
Atzo, astelehena, Habeak prentsaurrekoa eman zuen sanagustinpen.

Iraganetik etorkizuna... gure esku lelopean hainbat ekimen antolatu dituzte asteazken eta ostiralerako

Udal gobernua osatzen duten EAJ eta EAren "itxikeria" salatu du Habeak

Ezker abertzalea legez kanpo jarri zutela hiru urte bete direla salatzeko, Habeak atzo (hilak 12) prentsaurrekoa eman zuen udaletxe azpian. Ezker abertzalea udaletatik kanpo lagatzeko, "Espainiako alderdiek PNV eta EAren laguntza" izan zutela salatu dute eta "gaur egun nahiz eta Euskal Herriko egora politikoa aldatu, jarrera berdinean jarraitzen" dutela dio Habeak.

Horren aurrean, Habeakoen esanetan Ezker Abertzaleak oztopo guztien gainetik, bere konpromisoei eutsi die "mugimendu dinamikoa eta indartsua" delako.

Udalari dagokionez, Habeak uste du "herri problemak udaletxean erantzuna behar dutela eta Udalak herritarren beharrei erantzun behar diela". Horrekin batera azkenaldian, udal gobernua osatzen duten EAJ eta EAren "jarrera itxia" salatu dute. Aurrera begira, Habeak "Azpeitiko ezkertiar eta abertzale guztiak batuko dituen proiektua osatzeko helburua" duela adierazi du. Hori dela eta hainbat ekimen antolatu dituzte aste honetarako Iraganetik etorkizuna... gure esku lelopean.

Ekainak 14, asteazkena

Joseba Permachek Ezker Abertzalea prozesu politikoaren aurrean hitzaldia emango du Enparan dorretxean 20:30ean.

Ekainak 16, ostirala

Herritarrek osatutako mosaiko bat gorpuztu nahi dute 19:30ean plazan. Ondoren, afaria egingo dute Frontai Txikin. Bertara joateko txartelak, Zuhatz, Amaia, Orkatz, Etxe Zuri eta Txarrantxa tabernetan daude salgai. Langileek 15 euro ordaindu beharko dute eta ikasle eta langabetuek 10 euro.