Juan Antonio Larrañaga: "Jokalari onak igo dira lehen taldera, baina lehiakortasun pixkat falta zaie"

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 11a, 15:06
Juan Antonio Larrañaga.

Azpeitiarra Realera itzuliko da, Sansetik behera dauden taldeen arduradun izateko

Uztailaren 1ean ekingo dio lau urteko iraupena izango duen lanari (Urola Kostako Hitza)

Juan Antonio Larrañaga (Azpeitia, 1958) ordurako azaldu da Zubietako zalditegiaren ingurura. Kazetariak agurtu, eta taberna baten kanpoaldean esertzea erabaki dugu, "barruan baino hobeto" egongo garelakoan. Lasai hitz egiten du, eta garbi, oso garbi. Badaki zer nahi duen, eta lan hori egiteko jendearen bila ari da. "Politikoak baino bilera gehiago egiten ari naiz", dio.

Realeko kargua hartu berritan esan zenuen jokalari konpetitiboak sortzea dela helburua.

Bai, pixkat hori da. Azken urteetan ikusi dugu Lehenengo Mailara igo direnek konpetitibitate puntu hori ez dutela izan. Batzuk jokalari onak igo dira, teknikoki onak, baina lehiakortasun falta ikusi dugu, kasta pixka bat. Uste dut hori lortu behar dugula.

Horrek zer esan nahi du, harrobiko lanean konpetibitate hori alde batera utzi dela?

Nik ez dakit hori esaten. Baina garbi diot zer ikusi dugun goiko mailan. Batez ere, jokalari mota bat igo da, eta agian, beste gauza bat egin beharko dugu. Baina horrekin ez dut esan nahi aurrekoen lana txarra izan denik. Agian, beste puntu bat eman behar zaio, besterik ez.

Aldaketa hori, jokalari bigunagoak ateratzea, gizartearen beraren ondorioa ez al da?

Bai, bai, dena da. Gizartean bertan, kalera aterata ikusten dugu berdin samarra dela. Guk konpetitibitate puntu hori gehiago eman nahi diogu, bai entrenamenduetan, bai partidetan, bai portaeran, diziplina aldetik... Pixkat hori lortu behar dugu. Zaila izango da, baina ahaleginduko gara.

Realaren harrobia zer moduz dago?

Ondo dago, edota gutxienez lan ona egiten ari da. Begira Sanse non dagoen. Espainiako Bigarren Mailara igotzeko aukerak dauzka, eta alde horretatik, lan ona egin da. Agian, dagoen ona hobetu, txarra kendu, eta ona ipini beharko dugu. Hori da gure lana. Momentuz gauzak ondo daude, batez ere Sanseri begiratzen badiogu. Gauzak ondo bideratuta daude, eta azkenengo puntu hori lortu beharko dugu.

Harrobiko lan horrek behar besteko isla al dauka aurrenengo taldean?

Bai. Jose Marik (Bakero)-eta nahi dutena da: gorako pausoa ematen dutenek, ez dezatela eman jendea behar dugulako. Benetan merezi duelako pasatzea nahi dugu. Azkenengo urteetan hori gertatu izan da; prestatu gabe zeuden jokalari batzuk pasatu dira, derrigorrez taldea bete egin behar zelako. Eta horrek, nik uste dut, ez die batere lagundu hazten, eta, gainera, presio handiarekin jokatu dute, dena eman behar izan dutelako lehenengo egunetik. Guk merezi duenak igotzea nahi dugu. Egia da, egunen batean, beharko dela taldea betetzera joan beharko duenik, baina jokalari hori konpetitiboa izatea nahi dugu, eta benetan merezi duelako igotzea.

Harrobiaren kontuaz ez al dugu errazegi hitz egiten?

Denok nahi dugu etxeko jendearekin eta, batez ere, gipuzkoarrekin jokatzea. Baina gero gora igotzen direnean exijitu egiten zaie, kanpoko fitxaje bati eta asko ordaindutako jokalari bati eskatzen zaion bezainbeste. Eta nik uste dut, alde horretatik, lasaiago joan behar dela. Gertatzen da, Lehenengo Mailan batez ere, oso mundu konpetitiboan gaudela, oso profesionalean, eta gora igotzen denean oso exijentzia handia dagoela. Baina lortu behar da igo den jokalari horri babesa eta mimo gehiago ematea, gutxienez etxekoen aldetik. Badakigu kanpokoek, prentsako jendeak eta abar, azkar nahi dutela emaitza, baina guk burua argi eduki behar dugu, eta lasaitasun pixka bat izan.

Zu jokalari zinenetik harrobia asko aldatuko zen, ezta?

Bai, dena aldatu da, Zubieta bera ere aldatu egin da. Etorri ginenean zelai bakarra zegoen entrenatzeko. Orduan hipodromoan entrenatzen genuen; gero Zubietan, goian. Orain instalazio oso onak daude, erosoak. Alde horretatik aldatu egin da. Harrobian lana egiteko era ere aldatu da. Ez galdetu zein den ona eta zein txarra, egoerak oso desberdinak direlako.

Futbola bera ere asko aldatu da.

Bai, aldatu egin da. Harrobiko gazteek, agian, Lehenengo Maila hori gertuago ikusten zuten lehen, aukera gehiago zegoelako. Orain atzerritarrak direla-eta, agian ez da ikusten hain gertu. Baina lana berdin egin behar da, eta jokalariak ilusio bera eduki behar du. Azken batean, jokalari onak igotzeko aukera berdinak dauzka, lehen eta orain.

Eta futbola zertan aldatu da? Abiadura handiagoa al da orain?

Baliteke. Gure garaitik hona zerbait aldatu da. Orain, denak, hobeto prestatuta daude.

Denean, ezta?

Bai, denean. Baina gauza bat ez da aldatu. Lehen askoz konpetitiboagoak izan gara gu, ez dakit zergatik. Gutxi eduki edo asko sufritu dugulako, behean gauza gutxirekin egon ginen. Bestela, arlo fisikoan, arlo teknikoan hobera egin du denak.

Askotan hitz egiten da Espainiako Ligaren mailaz.

Uste dut Espainiako Liga ligarik indartsuena dela Europan. Oso jokalari onak daude. Telebistak sartu zirenean dirua sartu zuten, eta denek jokalari onak erosteko aukera izan zuten. Parekatu egin da, eta uste dut onerako izan dela. Gero askotan ez dela joko ona ikusten? Horrexegatik, oso parekatua delako. Fisikoki denak ondo prestatuta daude, eta batek teknikoki ez baditu jokalari onak, fisikoan irabazten du.

Realeko lehen taldea zergatik dago horrenbeste urtean behean?

Jakingo banu... Ez dakit. Uste dut egoerak halaxe etorri direla. Ni Realetik kanpo egon naiz, eta ez dakit barruan zer gertatu den. Zergatik esateko, informazio gehiago eduki behar dela uste dut.

Buruko lanari daukan garrantzia ematen al zaio futbolean?

Psikologiari ematen zaio bere garrantzia. Zubietan ere badago arlo bat horretarako. Jokalariak behar badu hor dauka. Lan hori egiten da. Behar duenak hortxe du, baina denek ez dute horren beharrik. Batzuek berezkoa dute konpetitiboak izatea, eta beste batzuek ez, baina laguntza hori badago.

Zazpi azpeitiar daude Realean. Zuen garaitik ia beti egon da azpeitiarren bat. Hori zergatik da?

Han zerbait badago ona. Garai batean, Azpeitian futbola zegoen, orain pixkat aldatuta dago hori: futbola, pilota eta saskibaloia daude. Azpeitian, kirol gehiagotan dabil jendea, eta umeek ere aukera daukate. Baina beti azaltzen dira futbolariak, eta hori seinale ona da. Azpeitian jendeak lana ondo egiten duenaren adierazgarri. Azpeititik datorren batez bestekoa ona da beti.

Lagun Onak ere dotore ibili da, ia play offetan sartuz...

Bai, bai. Jarraitzen dut Lagun Onak, eta pena izan da, dena eskuan eduki eta berak ez irabazteagatik kanpoan gelditzea. Hori ere datua da. Nik uste dut Azpeitian beti izan dela futbolerako zerbait. Jende asko ez da joaten; tristea hori da. Pare bat partida ikustera joan naiz, eta nik betikoak ikusten ditut, baina betikoak, betikoak. Orain, telebistarekin partidak edozein ordutan izaten dira, eta herrietan futbolera joate hori galdu egin da.

Hori arriskutsua al da beheko edo herriko futbolarentzat?

Urteetan dago horrela. Ez da azkenengo bi-hiru urteetako kontua; azkenengo 8-10 urteetan poliki-poliki jendea atzeratu egin da herriko taldeak ikustera joateko. Txarra? Entrenatzaileek-eta lanean jarraitzen dute, eta, agian, ilusio gutxiago edukiko dute jarraitzaile gutxiago dituztelako. Baina gazteak hazten ari dira, eta horiekin lana egin eta horiek aurrera ateratzea da kontua. Polita izango litzateke herriko jendea berriro bueltatuko balitz herriko taldea ikustera.

Di-da batean

Jokalari bat?
Johan Cruyff. Gero, aurrean eduki ditudanetan, Maradona.

Gaur egungo bat?
Ronaldinho. Uste dut garai bat markatuko duela.

Zure entrenatzaile bat?
Ormaetxea niretzako onenetako bat izan da, asko lagundu zidan. Azpeitian hasi nintzenetik entrenatzaile asko pasatu izan ditut, eta denekin ikasi dut. Xanti Zubizarretarekin hasi nintzen, eta haren lanagatik ez balitz, gaizki. Oso lan ona egin zuen taldearekin.

Gaur egungo bat?
Ikusita Bartzelonak egindako jokoa eta entrebatzailearen portaera, frank Rijkaard.

Mundiala zeinek irabaziko du?
Brasil da faboritorik argiena.